Gaur, hilak 16, "Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu!" goiburu duen Bergara-Derio martxaren hirugarren eta azken etapa burutu da, Larrabetzu eta Derio artean.
Irteeran, martxako partaideek Larrabetzuko konpostegiaren inguruko azalpenak entzun dituzte, bertakoek adierazita. Nabarmentzekoa da larrabetzuarrek zabor organikoaren birziklapenean lortzen ari diren portzentaia. Larrabetzuko familien heren batek babesten du prozesu hau, Bizkaian aintzindaria dena.
Lezama eta Zamudio zeharkatu ondoren, martxa Derioko Mintegi Zaharrera iritsi da. Dakizuenez, La Via Campesinak bere VII. Nazioarteko Konferentzia bertan burutzen ari da. Gaur munduko nekazari gazteen topagunea izan da. Martxa bertara iristerakoan, partehartzaileek mandala (haziz marraztutako irudia) burutu dute. Mandala horretan, Ama-Lurraren indarra eta elikadura burujabetza azpiegitura handien aurka islatu dute. Bilduta zeuden nazioarteko La Via Campesinako partaide guztiek babesa eskeini diote martxari.
Martxako eta La Via Campesinako partaideek batera egindako ekitaldi batekin bukaera eman zaio Bergaratik hasi eta Derion bukatu den “Txikizioa borrokatu, bertako elikadura bultzatu” goiburu zuen martxari.
Bazkaldu ondoren, martxako partaideek balorazio-batzarra burutu dute, eta hemendik aurrera bide beretik segitzeko oso interesgarriak diren ideiak eta proposamenak azaldu dira. Horien artean, azpimarratzekoa da, heldu den igandean, hilak 23 goizeko 11,00tan Bilboko Moiua Enparantzatik La Via Campesinak deitutako “Gure Herriak elikatzen ditugu eta mundua eraldatzeko mugimendua sortzen dugu” goiburu duen manifestaziora joateko deialdia.