argia.eus
INPRIMATU
Bereziki umeek jasaten duten genozidioa salatzeko ekintza Bilbon
  • Hautsez eta odolez zikindutako ehunka haur-zapata” jarri zituen Gernika-Palestinak Zubizuri zubitik Guggenheimeraino. Bilboko Udal Gobernuak genozidioan duen kolaborazioa salatu du herri ekimenak.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 03a
Zubizuritik Gugghenheimerako pasealekua, ekainak 2an Gernika-Palestina ekimena

Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatu du Gernika-Palestinak ekainak 2an gauzatutako ekimenaren bitartez. Zubizuri zubitik Guggenheimeraino ehunka haur-zapata kokatu dituzte, ekimenaren helburua bereziki umeek jasaten duten genozidioa salatzea baita. Bilboko Udalak Israelekin harremanak ez etetea izan da ekimena antolatzeko beste arrazoietako bat, eta horrela, genozidioaren parte-hartzaile izatea leporatu diote.

Aipatutako haur-zapata bakoitzaren parean, mezua ipini du Gernika-Palestinak paperean: Israelek eraildako umeen izen-abizenak, horien adina, eta Israelen, NATOren eta Europar Batasunaren erruduntasuna. Zapatez gain, palestinar sinbolo ugari kokatu dituzte, hala nola, pasealekuko Zirgariak Palestinako banderak eutsiz. UNICEFek eskainitako datuen arabera, 400 ume inguru hiltzen edo zauritzen dituzte egunean Gazako Zerrendan bakarrik.

Basaurin ere ekimena

Gernika-Palestinak palestinar umeekiko elkartasuna beste ekintza baten bitartez erakutsi zuen larunbatean Basaurin. San Pedro elizaren parean haurren zapatak kokatu zituzten eta hainbat herritarrek parte hartu zuten ekintzan. Israelek Rafah palestinar hirian egindako sarraskia salatu zuten ekimenera bertaratutakoek.