Espainiako Estatuko zenbait enpresa handik krisiari etekin ekonomikoa atera diote; langileei aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea (ABEE) zabaltzeaz gain, burtsan inbertitu dute. Pandemiaren hasieratik 110 milioi euro inbertitu dituzte burtsan; horien erdia inguru, 54,5 milioi Riberas familiak, Gonvarri eta Gestamp enpresen jabeak.
Merkatuaren eta ekonomiaren gainbeheraren erdian, horiek eskaintzen dituzten aukerak baliatu dituzte enpresariek beren ondasunak galdu ez ditzaten. Langileen soldatak ordaintzeko gastua gainetik kenduta, “auto-erosketak” egiteari ekin diote askok; beren izenean dituzten beste sozietate batzuekin enpresetako akzioak erosi dituzte, burtsako kotizazioa jaitsi ez dadin.
Riberas familia da horren adibide argia. El Mundoren arabera, Espainiako seigarren familiarik aberatsenak, bere enpresako, Gestampeko 6.000 langileak enplegu erregulazioko espedientean jarri eta gero, 54,5 milioi euro gastatu ditu bere beste sozietateetatik enpresako akzioak erosteko. Horrez gain, Telefonicako akzioak ere erosi zituen bere Halekulani sozietatetik.
Euskal Herriko enpresaririk era bada inbertsoreen artean. Egaña Familiak 6,7 milioi euro gastatu ditu CIE Automotive enpresan (hori ere ABEEan), enpresaren akzioen %10a. Enpresa horren %15aren jabeak dira Riberastarrak ere.