argia.eus
INPRIMATU
Beren borondatearen aurka antzutu zituztela salatu dute Kanadako 60 emakume indigenak
  • 1973az geroztik legez kanpokotzat jo izan da jendarteko kolektibo jakin batzuk antzutzera behartzea. Azaleratzen joan diren testigantzen arabera, ordea, praktikak bere horretan dirau.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko azaroaren 23a
(Argazkia: Kenny McDonald)

Erditu bezain pronto tronpen lotura edo kauterizazioa egiteko presionatu eta beren borondatearen kontra antzutu zituztela jakinarazi dute Kanadako Saskatchewan probintziako 60 emakume baino gehiagok, Maurice Law Kanadako indigenen abokatu bulegoaren bidez jarritako salaketarekin. Gertakarien testigantza askotarikoak jaso dituzte, legez kanpoko prozedura zein modutan egin zuten argitzen dutenak. Bizipenetako batean, adibidez, antzutua izateko baimena eman arte erditu berri zuen haurra ikustea ukatu ziotela azaldu du emakumeetako batek.

1973an eman zuen bukatutzat Kanadak behartutako antzutzeen praktika, Alberta eta Columbia Britainiarra probintzietan 70eko hamarkada arte legezkoa izan zena. 2015ean ordea, StarPhoenix egunkariak eta CBC irrati telebista kateak publiko egindako erreportaje sorta batek ageriko egin zuen behartutako antzutzeek bere horretan jarraitzen zutela, lau emakumeren testigantzek (Betty Ann eta Brendarena kasu) hala adierazi baitzuten. Sortutako arrabotsa tarteko, osasun alorreko autoritateek ikerketa independente bat eskatu zuten, Manitobako Unibertsitateko medikuntza irakasle Judith Bartlettek eta giza eskubideen alorreko abokatu eta Ontarioko senatari Yvonne Boyerrek burutu zutena, biak jatorriz indigenak. 2017an aurkeztu zuten informeak argi adierazten zuen 1973az geroztik behartutako antzutzeak egin izan direla: 2005 eta 2010 urteen artean antzutzera behartu zituzten zazpi emakumeren testigantzak jaso zituzten, zeinak ikerlarien hitzetan, kolonialismoaren herentzia antzematen zaion sistemaren aurreiritzi eta diskriminazioaren biktima izan diren.

Aipatu informea publiko egitearekin bat, antzerako bizipenak zituzten emakume gehiagoren berri izaten hasi ziren Boyer eta Bartlett. Antza denez, askoz gehiago ziren iragan hurbilean antzutzera derrigortu dituzten emakume indigenak. Horren adierazle da azken salaketa hau, zeinak 2017ra artean behartutako antzutzeak egin direla frogatzen duen, ezkutuan ematen den indarkeriazko errealitate baten adierazgarri. Antzutze behartuen prozedura uste baino hedatuago egotea posible dela adierazi du Boyerrek.

Salaketa bideratzeko tramite bat falta den honetan, Amnistia Internazionalak kasua NBEra eraman du, Kanadako Gobernua ikerketa burutzera bultzatzeko. Mugimenduko kide Jackelin Hanssen argi mintzatu da: “Praktika hauek helburu jakin bati jarraiki burutzen dira. Argi dago xedea pertsona talde bat ez dela erreproduzitzen ziurtatzea dela”. Aste honetan gaiaz eztabaidatzekoak ziren Genevan, NBEren torturaren aurkako batzordean.

Bien bitartean, behartutako antzutzeen gainean neurriak hartzea exijitzen jarraitzen dute emakume indigenek, baita ardurak hartu beharra azpimarratzen ere.