argia.eus
INPRIMATU
Zaharraz Harro! jaiak
Beren atarietan etxebizitza turistikoak debekatu dituzten auzokideak omendu dituzte Gasteizko Alde Zaharrean
  • Etxebizitza turistikoen aurkako kalejira egin dute Zaharraz Harro! jaien barnean, Auzoan Bizi etxebizitza sareak antolatuta. Etxebizitzarekin “negozioa” egiten dituztenak salatu dituzte, bereziki Gustavo Antepara PPko zinegotzia, eta beren atarietan etxebizitza turistikoak debekatu dituzten bi auzokide komunitate omendu dituzte.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko ekainaren 25
Argazkia: Auzoan Bizi

Zaharraz Harro! jai herrikoien barnean egin dute kalejira, astelehen arratsaldean. 18:30tan txupinazoak eman die hasiera jaiei, kale izendegi ofizialaren arabera Burullerias izena duen baina aspaldi jaietan bertan Bollerias bataiatu zuten plazan. Txupinazotik ordu betera iragarri dute kalejira abiatzear zela, plazatik bertatik.

“Azkenaldian auzoari etekina atera eta bizilagunak botatzen dituzten etsaiei beste bat batu zaie: etxebizitzekin negozioa egiten duten horiek, oraingoan turismoaren gorakada aprobetxatu eta Etxebizitza Turistikoekin (ET) poltsikoak betetzeko”, azaldu du Auzoan Bizi etxebizitza sarearen ordezkari batek. Negozioa egiten duten horien artean Gustavo Antepara azpimarrtu dute: “Antepara egun Gasteizko PPko zinegotzia da (soldata publikoduna) eta Alde Zaharrean behintzat 6 ET ditu, asko ilegalak eta obra ilegalez lortuak, bizilagunen etxebizitzak arriskuan jarriz” (Antepararen negozioak argitara ekarri ditu ARGIAk, besteak besteGasteizko PPko kide Gustavo Antépara: obra “klandestinoak” legez kanpoko pisu turistikoetan erreportajean).

Kalejira “ETen aurka” eta “bizilagunen alde” antolatu dute. “Batetik Anteparari eta etxebizitzarekin negozio egiten duten horiei gogoraraziko diegu ez garela haietaz ahaztu”, adierazi du, eta parte hartzaileak animatu ditu bidean aurkituko genituen ET plakak eta Antepararen etxebizitzak pegatinez betetzera. “Bestetik, ospatzera ere bagoaz. VTak galarazteko estatutuak aldatu dituzten auzoko bi komunitate omenduko ditugu portaletan plaka bana jarriz”.

Argazkia: Auzoan Bizi

Beste hiri eta auzo batzuetan gertatu bezala, Gasteizko Alde Zaharreko Gasteiz Txiki Auzo Elkarteak 2022an proposatu zien auzokideei beren atarietan etxebizitza turistikoak debekatzea, eta horretarako jarraitu behar diren urrats sinpleak azaldu zituen. Azalpenen ondotik abiatu da kalejira, aurretik gaztetxean panderoa ikasten duten haur eta irakasleak eta Zaharraz Harro!ko hiru erraldoi estreinatu berriak, eta atzetik dozenaka auzokide.

Turismoak auzoak eraldatzen ditu

Aiztogile kaleko atari batean egin du kalejirak lehen geldialdia, zain zuten ordurako bertako bizilagun bat. “Turismoaren negozioak etekina atera behar du bizitza printzetatik: plazetatik terrazak egin, okindegietatik souvenir-dendak, espazio publikoetan hesiak zein ordenantzak ezarri”, salatu du Auzoan Biziko kide batek, eta logika berberaren baitan kokatu du ETen sustapena. Azaldu du klase arrakala handitzen dutela ETek, eta auzoak eraldatzen dituztela auzokideen eguneroko bizitzaren kalterako.

“Horregatik, haren aurkako antolakuntza-adierazpen oro indartu eta txalotzeko, eskerrak eman behar dizkiegu gaurkoan Kutxi 36ko bizilagunei”. Jarraian, txalo artean itsatsi dute atarian Etxebizitza Turistikorik gabeko komunitatea. Hemen auzokideak bizi dira! lelodun plaka polita, eta aurrera jarraitu du kalejirak jai giroan.

Argazkia: Auzoan Bizi

 

Turistifikazioa gelditu “auzo-antolakuntzaz”

Bigarren geldialdia Margolari kalean egin dute, Etak debekatzen lehena izan zen atariaren parean. “Auzo-antolakuntzaren aldeko pausuak behar dira, txikitik hasita, etxebizitza guztiek bizitzeko erabilera izan dezaten, eta ez daitezen negozio izan. Etxebizitzak negozio turistikotik ateratzeko keinu txiki hauek hedatzea espero dugu, turistifikazioaren eragina geldiarazteko garaiz gauden honetan. Eskerrak hortaz, Pinto 68ko komunitateari, auzoko lehenak izan baitziren ETak galarazteko estatutuak aldatzen. Gaurko bigarren plaka zuentzat!”, adierazi dute antolatzaileek atariko kide irribarretsuari plaka eman aurretik.

Argazkia: Auzoan Bizi

 

Margolari kalean bertan egin du kalejirak hirugarren eta azken parada, Korda espazio autogestionatuan. Korda 2022ko Zaharraz Harro! jaietan okupatu zuten elkarlanean Zaharraz Harro!ko asanbladak, Auzoan Bizi etxebizitza sareak eta Herrizoma elikadura sareak. Zizka-mizka eta edateko batzuk atera dituzte kalera, auzokide batzuk dantzekin erantzun diete trikitien eta panderoen soinuei, beste batzuk hezurgabea jarri dute dantzan, eta poza nagusitu da Zaharraz Harro!ren estreinako egun honetan.