argia.eus
INPRIMATU
Bere kargua utzi du Hezkuntza Saileko Euskara zerbitzuko buruak
  • Iñigo Barrusok Euskara zerbitzu postua utzi du, Hezkuntza Saila Iralen eta Euskal Girotze Barnetegietan prestatzen ari den murrizketen ondorioz: "Erabaki dut ez dudala nik kudeatuko beste batzuek egindako kaltea" adierazi dio Berria-ri, Irati Urdalleta Lete kazetariak jaso duenez. Euskara zerbitzuan Jaurlaritza egiten ari den murrizketen zehaztapen hau eman du Barrusok: "Kontua da euskara zerbitzuko programetan 140 pertsona aritu direla lanean orain arte, eta, momentu honetan, 47 kalean daudela" eta adierazi du baliabide horiekin ezin zaiela "inolaz ere" erantzun Euskara zerbitzuak dituen helburu eta zereginei.

2020ko uztailaren 10

Informazio falta ere salatu du Barrusok, Berria-ri egin dizkion adierazpenetan: "Guri inork ez digu inolako informaziorik eman: oraindik ez dakigu Iralen zergatik bota dituzten horrelako arinkeriaz 27 pertsona kalera, inolako irizpiderik gabe». Kaleratzeak ez direla modu orekatuan planifikatu erantsi du: "Gasteizko irakastegian, adibidez, lau pertsona geratuko dira hamahirutik".

Euskara zerbitzu buruak berretsi du Euskal Girotze Barnetegiko langileek adierazitakoa

Aste honetan bertan idatzi bateratua zabaldu dute Iraleko eta Euskal Girotze Barnetegietako langileek eta bertan azaldu zuten barnetegiak COVID-19aren segurtasun baldintzak betez burutzeko proposamenak egin dizkiotela Hezkuntza Sailari, baina ez dutela erantzunik jaso. Euskara zerbitzu buru kargua duen Iñigo Barrusok berretsi du Berria egunkariko adierazpenetan, Euskal Girotze Barnetegiek "mila modu" aurkeztu dituztela ikasleek lo egitera joan beharrik izan ez dezaten, baina denean ezezkoa jaso dutela. Barnetegi hauek gaur itxiko dituztela ohartarazi  du.