argia.eus
INPRIMATU
Bere etxearen aurkako erasoa salatu du Aritz Otxandianok, eta berriztagarriekin duen jarrerarekin lotu du
  • Asteartetik asteazkenerako gauean familiaren etxearen aurka bi bengala bota dituztela jakinarazi du Fagor kooperatibako jasangarritasun arduradunak.

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 24a
tulankide.com

“Bart gauean gure etxearen aurka bi bengala jaurti dituzte. Testiguen arabera 7-10 lagun izan ziren, eta bi kotxe ezberdinetan ihes egin zuten. Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen”, idatzi du asteazken iluntzean Otxandianok. Erasoa 1:00ak aldera gertatu da, Otxandio herrian.

Fagorreko jasangarritasun arduraduna izateaz gain, Otxandiano hainbat aldiz mintzatu da publikoki hitzaldietan edo komunikabideetan energia trantsizioaren edo berriztagarrien inguruan, eta jardun horrekin lotu du erasoa. “Berriztagarrien inguruko eztabaidaren harira lehenago ere mehatxuak eta pintadak jasan izan ditut, baina nire familiaren aurka modu honetara eraso egiteak muga guztiak gainditzen dituela iruditzen zait”, adierazi du.

Berriztagarrien inguruko bere jarreran berretsi da Otxandiano: “Ez dakit hori izan den erasoa egiteko arrazoia, baina, edozein kasutan, gai honen inguruan dudan posizioari konbikzio osoz eusten diot. Trump-en kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba”.