argia.eus
INPRIMATU
Etxetik kaleratu zuten egunean lantokira ez joateagatik lanetik bota dute madrildar bat
  • Amaya Muñoz madrildarrak (Espainia) alokairuko etxea galdu zuen irailean. Baja egun batzuk hartu zituen gertaerak psikologikoki gogor eragin ziolako. Konecta telemarketin enpresak urriaren 25ean bota zuen lanetik. Kaleratzea bidezkoa da, Espainiako Estatuko lan erreformaren arabera.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 29a
Amaya Muñoz, etxerik gabe geratu zen egunean. Argazkia: www.allvoices.com.

Irailaren 11n jai eguna hartu nahi izan zuen Amaya Muñozek. Beste behin, etxetik botatzen saiatuko ziren, alokairua ordaindu ezinik zebilelako. Laneko huts egitea justifikatua izango zela esan arren, Konecta enpresak ez zion onartu, eta gogo txarrez txanda aldatzea onartu zioten.

Eguna iritsi zenean etxetik bota eta arratsaldean ez zen lanera joateko gauza izan, psikologikoki gogorra egin zitzaiolako kaleratzea. Medikuak egun batzuetako baja eman zion.

Baja egun horiez gain beste bi hartu behar izan zituen hainbat langileri eragin zion gastroenteritis bategatik. Bi hilabetean bederatzi baja egun pilatu zituen madrildarrak eta enpresak adierazi zion lan erreforma berriari esker bidezko kaleratzea ezarriko ziotela. Berdin da laneko huts egiteak justifikatuak badira ere, lan erreforma berriak horretarako aukera ematen du.

Iaz, enpresa bereko langile bat hil zen pneumonia larria izan arren borondatezko alta eskatu eta egun gutxira. Ez zuen baja justifikaturik ere nahi, bazekielako kalean geratzeko arriskua zuela.

Amaya Muñozek salaketa jarri nahi dio enpresari berriz onar dezaten, gertatutakoa ikusirik grazia handirik egiten ez dion arren. Bestela, bere kasua bidegabeko kaleratzetzat har dezaten saiatuko da.