argia.eus
INPRIMATU
Bere buruaz beste egin zuen gaztea bidean zegoen migratzailea zela uste du Irungo Harrera Sareak
  • Irungo Harrera Sareak ohar baten bidez jakinarazi duenez, apirilaren 18an urkatuta agertutako gazte eritrearra ez zegoen Irunen erroldaturik eta bidean zegoen migratzailea zela uste dute. Elkarretaratzea egingo dute ostegunean, hilak 22, 18:00etan Irungo San Juan plazan. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 21a
Argazkia: Irungo Harrera Sarea

Apirilaren 18an goizeko 8:30ak aldera emakume batek gizon beltz baten gorpua urkatuta aurkitu zuen Irungo Azken portu kiroldegiaren atzeko aldean. Ertzaintza ikerketaz arduratu da eta gazteak bere buruaz beste egin zuela baieztatu du.

Duela bi egun Irungo Harrera Sareak jakinarazi zuenez, gaztearen inguruko informazio gehiago bilatzen saiatzen ari ziren, Eritrear jatorrikoa zela besterik ez baitzekiten hasieran. Egunotan ez du informazio askorik lortu ahal izan Harrera Sareak: Eritrear jatorriko gaztea zen, ez zegoen Irunen erroldaturik, ez zuen bizileku-agiririk, ez dago harrera-baliabiderik erabili zuenaren erregistrorik eta Irungo eritre-komunitateak ez du ezagutzen.

Sareko kideek bidean zegoen migratzaile bat zela uste dute. Izan ere, jatorriagatik, gutxi gorabeherako adinagatik eta inguruarekin harremanik ez izategatik, ziurrenik, Europara Italiatik sartu eta Alemaniara edo Frantziara iristen saiatu zela uste dute. Irunetik Frantziar estatura igaro,  bertan atxilotua izan eta legez kanpo kanporatua izango zela adierazi dute, segur aski behin baino gehiagotan. Azkenik, etsipenaren aurrean jazarpenarekin amaitzea erabaki zuela. Sarritan, migratzaileek jasaten duten jazarpena heriotzan amaitzen dela gogorarazi dute.

Harrera Sareak argi du pertsona horiek heriotzara bultzatzen dituztenak zeintzuk diren: Europar Batasuneko jendarmeak bihurtu diren herrialdeak (Maroko, Turkia, Libia…), EBren kanpoko mugak (Grezia, Italia eta Espainia), Schengen espazioaren barne-mugak (Frantzia) eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa eta baita Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udala ere.

Gogor kritikatu dute euskal administrazioen lana eta “gizatasuna kentzeko politika arrazisten ondorioak arindu nahi dituztela” ikusarazten duten arren, “oso paper eskasa” jokatzen ari direla salatu dute.

Horrez gain, gazte eritrearrarekin gertaturakoa “ustekabeko eta testuingururik gabeko gertaera” gisa aurkeztu nahi dela salatu du Harrera Sareak, heriotza migrazio-fenomenoaren aurkako eta pertsonen aurkako praktika negargarrien ondorio dela onartu beharrean.

Hori horrela, zenbait eskakizun egin dizkiete Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta Irungo Udalari:

1.Hildako gaztearekin zer gertatu den argitzea eta bere identifikazioa, familiarekin komunikazioa eta gorpuaren aberriratzea erraztea.

2. Giza eskubideen alde egitea eta Irunera iristen diren migratzaileei eragiten dieten harrera-irizpide murriztaileak eta diskriminatzaileak berrikustea.

3. Mugari dagozkion eskumen murritzen atzean ezkutatzeari uztea eta Hendaiako muga arrazista irekitzeko politika egitea.

4. Arrazakeria, diskriminazioa eta hiltzeko aukera migrazioaren berezko ondoriotzat ez hartzea.

Egoerak horrela jarraitzen badu heriotza gehiago egongo direla azpimarratu dute eta bihar, hilak 22, osteguna, 18:00etan Irungo San Juan plazan egingo duten bilkurara joateko deia zabaldu dute.