argia.eus
INPRIMATU
Bere buruaz beste egin du 65 urteko emakume batek Madrilen, etxetik bota behar zuten unean
  • Alokairuan bizi zen duela lau urtetatik. Epailearen aginduarekin joan da Polizia astelehenean, baina emakumeak ez die atea ireki. Minutu batzuk geroago bosgarren pisutik salto egin du.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko azaroaren 27a
Duela hiru urte Arabako "Etxe kaleratzeei stop" plataformakoek egindako kontzentrazioaren irudi bat.

Madrilgo Chamberí barrutiko etxebizitza bloke handi batean bizi zen 65 urteko emakumea 2014az geroztik, bakarrik. Hainbat hilabete zeramatzan alokairua ordaindu gabe, eta Poliziaren hainbat abisu jaso ondoren, jakitun zen etxetik egotzia izango zela lehenago edo beranduago, Publico-k jaso duenez.

Astelehenean azaldu zen Polizia bere etxera epailearen agindua eskuetan zuela, etxegabetze prozesua burutzera. Txirrina hainbatetan jo eta atea irekitzen ez zuela ikusita, barrura sartzekoak ziren. Momentu horretan bertan emakumeak bere burua bota zuen bosgarren pisutik. Osasun zerbitzuak emakumea suspertzen ahalegindu arren, alferrik izan zen.

Madrilgo Udalak jakitera eman duenez, alokairu “pribatu” batean bizi zen; hots, jabea norbanako bat edo enpresa bat den ez dakite. Jabego horrek eman zion Poliziari berri, eta ezer gehiago ez da jakin orduz geroztik, hala jaso du ElDiario.es-ek.

Egunean 15 etxegabetze

Chamberí barrutiko Etxegabetzeei STOP plataformako kideek adierazi dute ez zutela emakumearen egoeraren berri. Bestela, gainerakoekin egiten dute bezala, “borrokan lagunduko ziotela” esan dute.

Kasu honekin batera, Madrilgo etxegabetze datuak argitara atera dituzte plataformako kideek. Hiri horretan egunean 15 pertsona botatzen dituzte etxetik, eta 2018 honetan jada hiru milara gerturatzen doa kopurua. Espainiar Estatuaren kasuan, egunean 100 kaleratze inguru ematen dira. Iaz, orotara 35.666 familia eta norbanako kaleratu zituzten.