Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.
Uztailaren 25ean Traineru Kluben Elkarteak antolaturiko Eusko Label Ligan Lekeition jokatutako estropaden amaieran, txapelketaren komunikazioaz arduratzen diren ACT TVko langileek elkarrizketa egitea eskatu zioten Donostiarra Arraun Elkarteko arraunlari bati. Ohikoa da estropada bakoitzean hainbat arraunlari elkarrizketatzea, adierazpen horiek sare sozialetan hedatzeko.
Arraunlari batek salatu du elkarrizketa egin aurretik eta mikrofonoa jarria ziotenean adierazi ziotela adierazpenak euskaraz eta gazteleraz egin behar zituela. “Nik euskaraz bakarrik egin nahi nuela adierazi nien eta ezezkoa jaso nuen, gaztelaniaz egiten lagunduko zidatela argudiatuz. Hizkuntza ezagutza ez zela arazo berretsi nien, printzipio kontu bat baizik, nik adierazpenak euskaraz soilik egin nahi nituen; baina erantzun zidaten ACTn geundela eta printzipioak baztertu behar zirela. Nahi bazuten azpitituluak jar zitzaketela esan nien baina euskaraz egingo nuela mantendu nuen. Elkarrizketatzailea haserretzen hasi eta nire hizkuntzarekiko konpromisoz mikroa kendu eta elkarrizketa egin gabe joan nintzen", salatu du arraunlariak.
"Nik adierazpenak euskaraz soilik egin nahi nituen; baina erantzun zidaten ACTn geundela eta printzipioak baztertu behar zirela"
“Euskal Herrian gaude eta gure hizkuntza nazionala euskara da. Zapalkuntza egoeran izanda ere euskaraz bizitzen saiatzeko konpromiso irmoa hartu dut eta ez diot borroka honi uko egingo”, adierazi du gerora.
Euskal Herrian Euskarazek gertaera salatu du. "Onartezina da euskaldunoi adierazpenak edo bestelakoak erdaraz egitera derrigortzea. Euskaldunon hizkuntza-eskubideen urraketa larria izateaz gain, euskararen bigarren mailako egoera elikatzen dute. Euskara aukera gisa mantentzen dute, ezinbestekoa ez den osagarri gisa; aldiz, espainiera edo frantsesa jardun guztietarako garrantzitsuak eta ezinbestekotzat inposatzen dute horrelako jarrerek. Guztiz arbuiatzen ditugu halako jarrerak", adierazi dute.
EHEk TKE Ligako arduradunei galdegiten die horrelako jarrera hizkuntza-eskubide urratzaileak baztertzera, eta, arraunlarien euskararen aldeko hautua errespetatzera. Era berean, Ligaren hizkuntza-praktika berrikustea eskatzen die, bereziki komunikazio eta sare-sozialen hizkuntza erabilerari dagokionean, horietan euskararen erabilera guztiz bazterrekoa baita, sinbolikoa. "Guztiz onartezina da TKE Ligak euskarari komunikazio publikoan ematen dion erabilera hutsala".
Azkenik, traineruen munduko pertsona guztiak, bereziki arraunlariak, euskararen aldeko hautuari eustera animatu nahi ditu Euskal Herrian Euskarazek. "Adierazpen publikoak zein bestelako edozein hizkuntza erabilera euskaraz soilik egitera animatu nahi ditugu, beraien eskubide ukaezina baita. Estropadetan ere euskara normalizatu dadin eta euskaldunok euskaraz bizi ahal gaitezen jarrera euskaltzale tinko izatera gonbidatzen ditugu".