argia.eus
INPRIMATU
Bere argazkietan ordez gizartearen begiradan ikusten du auziaren funtsa Kote Cabezudok
  • Asteartean abiatu zen Kote Cabezudo Donostiako moda argazkilariaren aurkako epaiketa nagusia. Lehen saioan akusatuak hartu du hitza, eta besteren artean adierazi du bere argazkiak pornografiatzat hartzen badira gizartearen begirada aldatu delako dela. Salaketak jarri dituzten emakumeen egoera psikikoa ere jarri du auzitan. Ostegunean egingo den bigarren saioan hartuko dute hitza salaketak jarri dituzten emakumeek.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 09a
Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia plataformaren elkarretaratzea, epaitegiaren aurrean (Argazkia: Arantxa Iraola)

Bederatzi urte eta gero, asteartean abiatu zen Gipuzkoako Probintzia Auzitegian Kote Cabezudo moda argazkilari donostiarraren aurkako epaiketa nagusia. Hamazazpi emakumeren salaketak ditu oinarri, eta sexu-izaerako 32 delitu egozten dizkiote, haur pornografiari, iruzurrari eta modeloen osotasun moralari lotutakoak, besteak beste.

Berriak jaso ditu epaiketaren lehen saioko nondik norakoak. Hasieratik, akusatuak soilik Fiskalaren galderak erantzungo zituela adierazi zuen, eta esandakoari segi, hala egin zuen, defentsa abokatuaren galderei ere erantzunez. Cabezudoren erreferentziazko argazkilari batzuen lanak hizpide hartuaz hasi zuen saioa Fiskalak, argazkilariak adierazi izan baitu biluzien argazkiak egin dituzten argazkilari horiek miresten dituela, haien lanarekin alderatuz berea. Hainbat sententziek lan horietako zenbait "haur pornografiatzat" jo dituztela adierazi zion Fiskalak, baina akusatuak ez du iritzi bera agertu. Berrian irakur daitekeenez, Cabezudoren arabera argazki horiek ezin daitezke txartzat jo, horien egileek beren lanak erakusketa zein liburuetan erakutsi baitituzte. Haren begietara, gizartearen begirada da aldatu dena, eta hortxe legoke auziaren funtsa. "Orain dela hamar-hamabi urtetik hona, inork ez du deus jakin nahi biluziez". Akusatuaren ulerkeraren arabera, erlijioagatik eta "muturreko" ikuskerak izateagatik sor diezaiokete errefusa zenbait pertsonari argazkiek.

Salaketa jarri duten emakumeei buruz ere galdegin zion Fiskalak. Gauza batzuez ez dela oroitzen erantzun zuen argazkilariak, eta haiekin lan egiteko zeukan moduari buruz hitz egin zuen. Adierazi zuenez, emakumeak zuzentzen zituen berak; "ni nintzen orkestra zuzendaria", bere hitzetan. Edozelan ere, ukatu egin zuen argazki pornografikoak egin izana, eta bereak "sentsualtasunarekin" lotutako argazkiak zirela esan. "Gaur egun denari esaten zaio pornografia", eman zuen iritzia. Adierazi zuen modeloekin kontratuak sinatzen zituela eta emakumeek egingo zutena bazekitela, eta adin txikikoen kasuan gurasoak ere lanaren nondik-norakoen jakitun izaten zirela.

Fiskalak sexu erasoen gainean galdegiterakoak, halakorik egin izana ukatu zuen akusatuak. Aipatu zuen orotara 600 modelo baino gehiagori egin dizkiela argazkiak, eta horietako askorekin harreman ona izan duela. Argazkilariak salaketak jarri dituzten emakumeen egoera psikikora desbideratu nahi izan du arreta, defendatuz salaketa jarri duten emakumeek haurtzaroan sorburua duten arazoen eraginez erabaki dute bere aurka egitea. Gisako baieztapena egiteko UNED urrutiko unibertsitatean egiten ari den psikologia ikasketetan oinarritzen dela esan zuen.

Ostegunean jarraituko du auzibideak, eta salaketa jarri duten emakumeak deklaratuko dute saio horretan. Lehen saioaren ostean akusazio partikularrak jakinarazi zuenez, akusatuak epaimahaiaren esandakoak atzera botatzeko "ebidentziak" aurkeztuko dituztela auzitegian.