“Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu” lelopean, asteazken honetarako mobilizazioa iragarri dute LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek, ohar bateratuan. Joan den astean Jaurlaritzak aurkeztu zuen planaren ostean, eskolara itzultzea ikastetxe bakoitzaren gain uzteko orain hartu duen erabakia “are arduragabekeria handiagotzat” jo dute sindikatuek.
11:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egingo dute mobilizazioa, itzulera neurriak eragileekin negozia ditzala eskatzeko, besteak beste.
Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta DBH4n ikasketa presentzialetara itzultzea edo ez, zein datetan eta zein baldintzetan, ikastetxe bakoitzaren esku uztea planteatu du Eusko Jaurlaritzak, eta arduragabekeria dela salatu dute sindikatuek, “osasuna bermatu gabe jarraitzen duen bitartean, Hezkuntza sailak ardura guztia ikastetxeen, familien eta ikasleen bizkar gainean jartzen duelako, bere arduraz beste larriki kale eginez”.
Gogoratu dute Hezkuntza Sailari dagokiola osasuna bermatzeko irizpide zehatzak, protokoloak, neurriak eta hauek aurrera eramateko baliabideak plan egoki batean jaso eta aurreikustea, ondoren ikastetxe bakoitzak bere autonomiaren baitan aurrera eraman ahal ditzan.
Arrakala areagotzeko arriskua
Gainera, erabakia ikastetxe bakoitzaren esku uzteak ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko arrakalak sortu eta areagotzeko arrisku argia duela kritikatu dute, “batzuek ikasketa presentzialak jasoko lituzketelako eta besteek ez”.
Bere ardurak bere gain hartzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari, itzulera neurriak negoziatu ditzala eta osasuna bermatzeko neurriak ahalbidetu ditzala. Negoziazio gabe, plantorako deia egingo dutela iragarria dute aurretik sindikatuek.