Eusko Jaurlaritzak jarritako helegitea atzera bota eta bere ebazpenak betetzen ez dituzten politikariak kargugabetzeko boterea ematen dion erreforma onartu du Espainiako Konstituzio Auzitegiak. Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko lehendakaria kargutik kendu dezake orain.
Konstituzio Auzitegiak atzera bota du Eusko Jaurlaritzak kargugabetze-ahalmen horren kontra jarritako helegitea. Azken legegintzaldian PPk emandako boterea onartu eta lege erreforma bermatu du. Horren arabera, bere ebazpenak betetzen ez dituzten politikariak euren kargutik kendu ahal izango ditu auzitegiak behin-behinean.
Erreformaren inguruan eztabaidatu dute epaileek azken sei hilabeteetan. Adela Asua legelariak kontrako ponentzia idatzi zuen, baina ez zuen babes nahikorik izan. Pedro Gonzalez-Trevijanok idatzi zuen orduan kargugabetze-ahalmenaren aldeko ponentzia, Konstituzio Auzitegiak gehiengoz onartu duena.
Erreformak ondorio zuzenak izan ditzake Carme Forcadell Kataluniako Legebiltzarreko lehendakariarentzat. Izan ere, bere kontrako auzia abiatu zuen Kataluniako Auzitegi Nagusiak urriaren 25ean. Konstituzio Auzitegiaren erabakien aurka egitea egotzi dio, independentziarako bide orriari buruzko bozketa legebiltzarrean egitea baimendu zuelako.