Gizarte parekidea lortzeko prozesu hezitzailean, zenbait elementuk duten garrantzia azpimarratu du Kalaka enpresako Ilazki Gainza formatzaile feministak Hik Hasin.
Azken urteetan asko entzuten den “berdintasunean bizi gara gaur egun baieztapena” ez dela errealitatearen isla dio Gainzak. Gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ikusteko, egungo gazteek dituzten mendekotasun bikote-harremanak aztertzea besterik ez dagoela gaineratu du.
Berdintasuna lortzeko, hezkidetzak eremu guztietan duen garrantzia azpimarratu du. “Hezkidetza eskoletan landu izan da baina eskoletako lanketa iruditu arren, ezin da eskola-eremura mugatu”.
Barneratu ditugun estereotipo eta rol sexistagatik, hizkuntzak ere erabilera sexista bultzatzen duela dio formatzaile feministak. Adibidez, “kirurgialaria gizonarekin lotzen da askotan eta emakumea erizainarekin”.
Telebista-saio, antzerki, film, joko zein liburuei dagokienean, era guztietako baloreak eskaintzen dituztenak daudela aipatu du, “sexistak eta parekideak”. Ipuinei garrantzia kendu zaiela salatu du, baina bultzatu nahi ditugun baloreak ipuinetan islatu behar direla. “Egunero bizi dugun errealitatean ez dugu aniztasuna ikusten. Beharrezkoa da ipuin parekideen bidez aniztasuna normalizatzea”.
Ipuin sexistak zaborretara ez botatzeko gomendatu du Gainzak, erabilgarriak direlako haurrekin balioak lantzeko, “hau da, ipuina beste era batera irakur daiteke”.
Film, komiki, antzezlan edo liburu bat parekidea den jakin nahi izanez gero, dioenez, hiru ezaugarri hartu behar dira kontutan:
-Filmean gutxienez bi pertsonaia emakumezko ateratzea
-Pertsonaia horiek elkarrekin hitz egitea
-Elkarrizketa horietako gaia gizona ez den beste zerbait izatea