Gazteenen parte-hartzea helburu, 10-16 urte dituztenentzat kategoria propioa sortu zuen Asun Casasola ipuin laburren lehiaketak. Indarkeria matxistaren aurkako borroka du oinarri lehiaketak eta lortu dute hainbat ikastetxetan eskola-curriculumaren parte izatea lehiaketarako ipuina idaztea. Orain, bideoa zabaldu dute, gazteenak berdintasunaren alde idaztera animatzeko.
Euskarazko eta gaztelaniazko kategoriak dituen lehiaketa honetarako, “munduko txoko ugaritatik jasotzen ditugu idazlanak, eta guk bereziki gazte euskaldunak nahi ditugu animatu parte hartzera”, azaldu digu Oihana Llorente antolatzaileetako batek. Seigarren edizioa da aurtengoa eta dagoeneko lortu dute ikastetxe batzuetan muturra sartzea: horietan, ikasleek lehiaketarako ipuinak idazten dituzte, eskolan lantzeko zeregin bihurtu baita ipuina bera. “Poztu egiten gaitu horrek”, dio Llorentek.
Azken finean, aurkezpenean azaldu zuten moduan, indarkeriarik gabeko jendartea lortzeko bidean belaunaldi gazteenak aliatu bihurtzea du xede Asun Casasola Ipuin Lehiaketak, eta gazteengana hurbiltzeko gogoz kategoria berriak sortu zituzten adibidez (10-16 urte artekoa, eta 16 urtetik gorakoa).
Go!azen telesail arrakastatsuko aktoreen laguntzaz, bideoa kaleratu berri dute, gazteak parte hartzera gonbidatuz: “Berdintasuna lortzeko urratsak ematea ezinbestekoa da, denon lana da”, aldarrikatu dute bideoan.
“Askeak, ez ausartak”
Otsailaren 10 arte aurkeztu daitezke lanak eta aurtengo gaiak hala dio: “Askeak, ez ausartak”. Orri bateko idazlanak eskatzen dituzte. Informazio gehiago, lehiaketaren webgunean.