argia.eus
INPRIMATU
Berdintasunaren alde Emakundek bultzaturiko itun sozialean ehun erakunde ari dira parte hartzen
  • Nazio Batuak Emakumeak erakundeak nazioartean abian jarri duen Generation Equality ekimenak berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako itun sozial eta herritarra lortzea du helburu. EAEn Emakundek hartu du erronka horren gidaritza, eta ehun bat euskal erakunde ari dira parte hartzen.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 19a
Argazkia: irekia.eus

Beijingo Emakumeen Mundu Konferentziaren printzipioetan oinarritzen da batzen diren eragileei ekimenak proposatzen dien prozesua, lau urratsez osatua: talde eragile bat sortzea, azken 25 urteotan berdintasun arloan egindako aurrerapenak ebaluatzea, egungo egoeraren diagnostikoa egitea eta datozen bost urteetarako erronka eta konpromisoak zehaztea.

Azken helburua, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko herri-itun handi bat lortzea. Itun horretan parte hartzen ari diren euskal erakundeen artean daude udalak, ikastetxeak, enpresak, elkarteak, sindikatuak, unibertsitateak…

Belaunaldien arteko transmisioa

Ekimenaren baitan, proiektu pilotua egin dute Gazteriaren Euskal Kontseiluak eta Emakundeko Aholku Batzordeak: belaunaldien arteko transmisio, informazio eta jakintzen partekatzea eta etorkizuna elkarrekin irudikatzeko saiakera. Esperientzia pilotuak 25 eta 75 urte bitarteko emakumeak bildu ditu, eta, esperientzien aniztasunetik abiatuta, azken 25 urteetan berdintasunean eman diren aurrerapen garrantzitsuenak zeintzuk diren eta gaur egun berdintasunerako dauden erronka premiazkoenak non dauden identifikatu dute.