argia.eus
INPRIMATU
Soldata arrakala
Berdintasun planetatik harago, zer egin dezakegu?
  • Otsailaren 22an, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, lanean genero berdintasuna "planetatik praktikara" nola garatu aztertuko dute Hernanin, Beterri Saretuz egitasmoak kooperatiba eta proiektu eraldatzaileei zuzenduriko formazioan.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 21
Beterri Saretuzek hainbat formazio saio eskaini izan du eta asteazken honetan genero berdintasuna enpresetan nola landu aztertuko dute. Argazkia: Beterri Saretuz / Bira Produkzioak

Soldata arrakalaren kontrako nazioarteko egunean formazio saio berezia antolatu Beterri Saretuz egitasmoak Hernanin. Berdintasuna Enpresetan goiburupean, genero berdintasuna lanean praktikan nola jarri landuko dute, eta genero adierazleei begira ere jarriko dira horretarako.

"Zer izaten dugu kontuan eta zein ezaugarri gehiagori begiratu beharko genioke?" galderari erantzuten saiatuko dira. Horretarako, lehenik eta behin Elhuyar Fundazioko kide baten eskutik informazioa jasoko dute parte hartzaileek, dagoen araudiaren inguruan eta berdintasun diagnostikoei buruz. Eta ondoren hausnarketarako tartea izango da Hiruki Larroxa kooperatibaren eskutik, berdintasun plan batetik harago egin daitekeenaz hitz egiteko.

Formazio saio horren ostean, gainera, Beterri Saretuzek bidelaguntza bat izateko aukera eskainiko die kooperatiba eta enpresei, berdintasunera bidean urratsak ematen joateko. Azkenik, zikloa amaitzeko beste saio bat egingo dute aurrerago. Izena eman nahi duenak oraindik aukera du bere webgunean.

Beterri Saretuz ekimena 2019an sortu zen, Beterri-Buruntza eskualdean ekonomia eraldatzailean oinarrituriko ekosistema oso bat sustatzeko, kooperatibak,erakundeak eta hezkuntza eragileak ditu muinean. Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzen du diruz eta formazio saioak eta topaketak antolatu izan ditu, interkooperazioa, parte hartzea eta laneko-inklusioaren inguruan, besteak beste.