argia.eus
INPRIMATU
Berdintasun eza ez da berez sortzen
  • Genero desberdintasuna gure jendartearen egitura guztietan dago. Behin eta berriz gogoraraztea komeni den ideia da hori, are gehiago Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen dugun aste honetan. Ondorengo lerrootan enpresetako lan-harremanetan dagoen genero desberdintasunaz ariko gara. Haurrak zaintzeko laneko baimenen %96 emakumeek hartzen dute. Lan murrizketen %92 ere emakumeentzat izan ohi da. Horrek guztiak ondorio larriak ditu emakumeen etorkizunerako.

Juan Mari Arregi 2016ko martxoaren 08a
Haurrak zaintzeko laneko baimenen %96 emakumeek hartzen dute.

Adibide bat: Gasteizko Elecnorreko bost langileren kasua. Haietako lau lanegun murriztuarekin zeuden eta abenduan mahai gainean aukera zaila jarri zieten: Getafera (Madril) leku aldaketa onartu edo kaleratuak izan. Indemnizazio txiki bat jaso zuten arren, lanpostua galdu zuten. “Ez zuten guk hor lan egiterik nahi; denbora asko zebiltzan kexuka, lanegun murriztu eta epe luzeko baja asko zegoela esanez. Horregatik kendu gaituzte paretik”, diote emakume kaltetuek. Kontziente dira eurenak “ezkutuan egindako despidoak” izan direla, lan hori familia ardurarik ez duten beste pertsona batzuek egiten jarraitzen baitute orain Gasteizen.

Aitortutako eskubidea den arren, praktikan kontziliazioa oraindik eragozpena da lan-harremanetan. Eta emakumea da ia gehienetan hori sufritzen duena. Lan-harremanetan sakoneko aldaketa egin behar da desberdintasun hori desagertu dadin; horrek esan nahi du gobernuen politikak aldatu behar direla. Emakunderen mezuak dioen moduan, “berdintasun eza ez da berez sortzen, egin egiten da”. Egin dezagun berdintasuna txikitatik, familian, eskolan, unibertsitatean, gobernuetan, erakundeetan, lantegietan, komunikabideetan, publizitate agentzietan…