argia.eus
INPRIMATU
Araba Bizirikek antolatutako 'Berriztagarriak, ze irizpiderekin?' mahai-inguruaren kronika
“Berdin bizitzen jarraitzea saltzen digute, landa eremua sakrifikatzearen truke”
  • Azpiegitura handiak eraikitzeko proiektu ugariek arriskuan jarri dituzte landa eremuak Euskal Herriko txoko ugaritan. Asko gainera, energia berriztagarrienak izanik, kontraesanez beteta etorri dira. Urte luzez lurraren defentsan eta berriztagarriak eskatzen aritutako pertsona eta elkarte ugari aurka agertu dira. Araba Bizirik plataformak landa eremutik datozen ahotsak bildu nahi izan zituen azaroaren 26an, Gasteizen egindako mahai-inguruan: "Berriztagarriak, ze irizpiderekin? Erronkak eta erantzunak landa-eremutik" izenburupean.

Jon Hidalgo Gereñu 2022ko azaroaren 28a
Araba Bizirik plataformak haize errota itxurako giza kate bat antolatu zuen larunbat arratsaldean. Gasteizko kaleetara eramanda ikusarazi zuten 200 metroko dorre hauen dimentsioa. Ekintza horrekin “mendien industrializazioa eta herri lurren jabetzea” helburu duten proiektu guztiak salatu nahi izan zituen plataformak, “itzulezinezko kalteak” eragin baino lehen. Argazkia: Araba Bizirik.

Gasteizko Salburua auzoan bildu ziren Mar Garrote Etxaldeko Emakumeak taldeko kidea, Ramon Roa Bionekazaritza elkartetik, Josebe Blanco EHKOlektiboaren izenean, Edurne Basterra nekazari eta abeltzaina eta Valen Arteaga Araba Bizirik ordezkatuz. Galiziatik etorritako Margarida Prieto ere izan zen bertan, Sindicato Labrego Galegoaren testigantza ematen.

Nork bere eremutik dituen kezkak plazaratu zituen hitzaldian. Agroindustriaren eta banaketa kate handien mesedetara eraikitako paisaia erakutsi zuten denek. Legeak, urterik urte, landa eremuko nekazari eta abeltzain txikien kaltetan joan dira, kapital eta interes ekonomiko handien menpe. “Hiritik eta hiriarentzat” hartutako erabakiak, Josebe Blancoren ustez. EHKOlektiboko kideak salatu zuen landa eremua biltegi ari dela bihurtzen hirian nahi ez duten guztiarentzat, izan zabortegi edo errauskailuak, AHTa, autobideak edo tentsio altuko elektrizitate dorreak. Dena ingurune urbanoaren sostengurako, landa eremuarekiko ikuspegi kolonialistarekin. Bitartean, Mar Garroteren hitzetan, landa eremuko nekazari eta abeltzainek “bizirautea” dute helburu, geroz eta bide zailagoetan. Trantsizio energetikoa zen gaia, baina elikadura ereduan trantsiziorik eman gabe nekez ikusten zuten hizlariek konponbiderik. Garroterentzako, tamalez, hainbeste entzuten ez den gaia da elikadurarena. Egun, Euskal Herrian jaten diren elikagai freskoen %3a besterik ez da bertan ekoizten, eta lekaleek, adibidez, 7.500 kilometroko bidaia egiten dute, batez beste, gure etxeetara heldu arte.

Landa eremuaren mehatxuak

Hainbat mehatxu aipatu zituzten: mendietako zentral eolikoak batetik, eta nekazal lurretan zentral fotovoltaikoak ezartzea eta agroindustria nagusi izatea. Proiektu erraldoi horiei aurre egiteko, landa eremua bizirik egotearen beharra aipatu zuen Ramon Roak, hirietan sortzen diren proiektuek ez ditzaten landa gunean inposatu. Landa eremua biziberrituko balitz energia beharrak aldatuko lirateke, eta deszentralizatzeko aukera zabalduko litzateke. Optimistak izaten saiatuta, krisi anizkoitz honek ekarri ditzakeen aldaketak izan zituzten hizpide. “Zoritxarrez, egungo energia iturriak beste batzuekin ordezkatzeaz besterik ez da hitz egiten, kontsumoa murrizteaz aritu beharrean”.

Hirietan eman beharreko jarrera aldaketa aipatu zuen Blancok. “Txokolatezko pastela bukatu dugu, eta kexuka gabiltza ez dagoelako gehiago. Sagarrak eskaintzen dizkigute, baina ez ditugu nahi, guk txokolatezko pastela nahi dugu. Mugak daudela ikasi behar dugu berriz, aspaldi pasa genituela. Eta, batez ere, gauza gutxiagorekin zoriontsu izan gaitezkeela berdin-berdin”. Batek baino gehiagok aipatu zuen COVID-19aren pandemian laborariek igoera nabarmena izan zutela eskarian. Hiritarrak landa eremuaz gogoratu ziren eta arreta gehiago jarri zioten gertuko ekoizpenari. “Azkar ahaztu ziren, baina”, Edurne Basterrak zioenez.

Hizlari guztiek aipatu zuten klima larrialdiaren eraginak jasaten ari direla jadanik. Margarida Prietok euri faltarekin lotu zituen Galiziako sute larriak eta abereak elikatzeko larreen gabezia. Neguko hotz faltarekin, berriz, zuhaitzetako izurriteen gorakada, ez duelako hotz nahikorik egiten neguan sendatu daitezen. Azken urteetako joera txarra areagotu egin da aurtengoan, Roaren hitzetan. Araba hegoaldean maiatzean utzi zion euria egiteari, eta sei hilabetetik gora eman ditu ateri, joan den astera arte. Klima aldatzen ari da, eta ondorioz nekazariek bizi duten ziurgabetasunaz kexu zen Roa. “Aiton-amonek esaten ziguten neguan hotza egiten zuela, eta udaberrian euria. Orain itsu gabiltza, lurra ereiten, baina jakin gabe udaberrian zer etorriko den”.

Argazkia: Jon Hidalgo
Hirien eta herrien artean aliantzak sortzeko beharra

Galizian aspaldi ezagutzen dituzte zentral eolikoak. Herri askotan bi haize errota daude biztanleko. Kolektibo bakoitzak presio honen aurrean zer egiten zuen galdetuta, Margarida Prietok argi esan zuen informazioa zabaltzea dutela eginbehar nagusia. “Ikusten dituztenean ekarri ditzaketen kalteak eta norentzako izango diren etekinak, herritarrak altxa egiten dira halako proiektuen aurka”. Euskal Herriko hizlari gehienek ekiteko ezintasuna aipatu zuten, “bizirautearekin nahiko lan” badutelako. Hala ere, landa eremuko biztanleen kontzientziazioan indarra jarri beharra aipatu zuen Basterrak.

Valen Arteagak salatu zuen krisia sortu duten transnazional berberek saltzen digutela orain konponbidea. “Berdin bizitzen jarraitu nahi izan ezkero, onartu egin behar omen dugu landa eremuaren sakrifizioa. Hain zuzen, klima aldaketaren kontra egiteko bereziki zaindu behar dugun eremu hori”. Hiritarren parte hartzea ere ezinbestekotzat jo zuten, askotan landa guneko eragileetatik baino babes gehiago jaso izan dutelako hiritik. Hirien eta herrien artean aliantzak sortzeko beharra nabarmendu zuten, hiriak ezin baitu herririk gabe iraun, eta kezkaz ikusi zituzten instituzioetatik egiten diren saiakerak bi eremuak are gehiago banatzeko.

Antolakuntzarako eta borrokarako deia egin zuten nekazari eta abeltzainek. Desazkundearen bidean pausoak emateko beharra azpimarratu zuten, aintzat hartuta oso zaila dela entzutea gauzak okerrera joango direla. Askoz errazagoa da zentral eolikoek ekarriko omen duten aberastasuna saltzea. Joera asko aldatzen ez bada, Roaren hitzetan, antropologia museo bihurtuko da landa eremua. “Artzainak kendu, eta gero kontatu nola bizi ziren artzainak, nola egiten zuten artilea eta nondik ibiltzen ziren ardiak. Artzaina bota zen, eta larre horietan haize errotak daude orain”.

Arratsaldean mobilizazioa

Araba Bizirik plataformak haize errota itxurako giza kate bat antolatu zuen larunbat arratsaldean. Gasteizko kaleetara eramanda ikusarazi zuten 200 metroko dorre hauen dimentsioa. Ekintza horrekin “mendien industrializazioa eta herri lurren jabetzea” helburu duten proiektu guztiak salatu nahi izan zituen plataformak, “itzulezinezko kalteak” eragin baino lehen.