Ordezkorik ez duen osasun, ongizate, ikasketa eta sormen iturri agorrezina da natura. Horregatik, haurrak ingurunearekin harremanean heztearen onurez eta eskolako jolastokiak eta hirietako espazioak berdetu beharraz mintzo zaigu Berdean hezi. Haurrak naturara hurbiltzeko ideiak liburua, Heike Freire psikologoak idatzia eta Txatxilipurdi elkartearen ekimenez Diego Martiartu Zugastik berriki euskaratua.
Umea osasuntsu hazi dadin, gutxienez hiru ordu eman behar ditu egunean aire zabalean jolasten. Hala dio Heike Freirek, naturarekin interakzio zuzena duten haurrak erlaxatuago bizi direla eta adimen abstraktua, afektibitatea, gaitasun sozialak, autoestimua, sormena, enpatia… garatzeko lagungarri zaiela.
Praktika zabaldua da pedagogia berdea delakoa. Adibiderik garatuenetakoa baso-eskolak dira: natura bera da ikasgela eta egunean bospasei ordu egiten dituzte ikasleek naturan. Jolas librea eta inguruak emandako materiala dituzte oinarri didaktiko nagusiak eta makilarekin lurrean hizkiak margotuz ikasiko dute irakurtzen, edota inguruan aurkitutako harri, fruitu eta abarren bidez egingo dituzte matematikak.
Eskolako jolastokiak eraldatzetik hasi
Ikastetxeetako hezkuntza proiektuetan naturarekiko harremana integratzearen aldekoa da Berdean hezi. Gertu dauden espazio naturalak erabiltzera gonbidatzen ditu hezitzaileak, jolastokiak lorategi, baratze eta baso txiki bihurtzera, eta hirietako leku hutsak naturaz betetzeko deia egiten die herritarrei.
Tonucci, aurrekaria
Txatxilipurdik argitaratzen duen bigarren liburua da hau. Aurretik, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren liburua euskaratu zuten: Haurren hiria. Hiria pentsatzeko beste modu bat. Funtsean, liburuaren oinarria da haurren beharretan oinarritzen den eta horren arabera antolatzen den herria, herritar guztien beharrak asebeteko dituen herria izango dela.