argia.eus
INPRIMATU
Berdeago ingurumen azokaren laugarren edizioa aurkeztu dute
  • Berdeago, Euskal Ingurugiro Iraunkortasun Azokak, laugarren edizioa beteko du 2016an. Aurreko urteetan bezala, Durangoko Landako gunean egingo da –aurten otsailaren 19tik 21era–, eta Durangoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Eroskik babestuko dute. Sarrera doakoa izango da, bai erakusketarena berarena, bai hari lotutako ekimenetakoa.  

Unai Brea @unaibrea2 2016ko otsailaren 11
Iazko edizioko irudi bat (Arg.: Berdeago).

“Ingurugiro iraunkortasunaren” alorrean merkatuan existitzen diren aukerak ezagutzera ematea eta herritarrengan ingurumenarenganako kontzientzia handitzea da azokaren helburua, antolatzaileek azaldu dutenez: “Kontsumo alternatibak ezagutu, bioeraikuntza, mugikortasunjasangarria eta zaborren tratamenduaren inguruko berrikuntzen berri izan eta hiriek zein hiritarrek etorkizunean izango dituzten erronkak ezagutzeko aukera bikaina da Berdeago”. 2015ean 9.000 bisita inguru jaso zituen azokak.

73 enpresa izango dira azokan beren produktuak  erakusten, aurreko edizioan baino hamazazpi gehiago. Lehen edizioko erakusle kopurua bikoiztuko dela nabarmendu dute aurkezpenean. Enpresa guztiak Espainiako Estatukoak izango dira.

Euskal basoen bilakabideari buruzko dokumentala

Erakusketaz gain, hiru gune izango ditu Berdeagok. Horietako bat estreinako aldiz irekiko da: Film Berdea gunea. Plateruena kafe antzokian egongo da eta ikus-entzunezko bost emankizun izango ditu; azpimarragarriena, Baso ahaztuak euskarazko dokumentala, gure inguruko basoek azken urtetan jasandako eraldaketa azaltzen duena.  Otsailaren 21ean, 18:15ean emango dute.

Beste film aipagarri bat Bikes vs cars dokumentala da, munduko hiri garrantzitsuenetan autoen eta bizikleten arteko bizikidetzaz diharduena. Emanaldia otsailaren 19an izango da, 22:00etan.

Passivhaus, energia aurrezten duen eraikuntza moldea

Hitz Berdea gunean 21 hizlari arituko dira ingurumen jasangarritasunari buruzko esperientzien berri ematen. Zirkulo Berdean, berriz, parte hartzeko eta ikasteko aukera izango da. Aurtengo berrikuntzetako etxebizitza pasiboei (passivhaus) buruzko lau orduko ikastaroa izango da. Etxebizitza mota hori Alemanian garatu zen 90eko hamarkadan; energia kontsumoa ohiko etxe batena baino %70 txikiagoa da. Gainera, GoiEner energia kooperatibak argindarraren faktura ulertzen laguntzeko ikastaroa eskainiko du.