argia.eus
INPRIMATU
Berdea, laranja eta gorria, deseskalatzearen koloreak Frantziako Estatuan
  • Datorren astelehenetik aurrera, Frantziako Estatuan deskonfinamenduari ekingo zaiola adierazi du Estatuko lehen ministroak eta deskonfinamendua gradualki egingo dela gaineratu du, “geldo baina seguru”. Berde, laranja edo gorri, hainbat irizpideren arabera departamenduari zein kolore atxikitzen zaion, deseskalatzea azkarragoa edo geldoagoa izango da.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a
Argazkia: Eitb

“Berri ona da lurralde guztian baimendu dezakegula deskonfinamendua. Berri ez hain ona berriz, hainbat departamendutan emaitzak ez direla aurreikusitakoak”, onartu du lehen ministroak. Departamendu bakoitzak zein kolore duen erabakitzeko, irizpide batzuk hartuko dira kontuan, birusaren zirkulazioari, lekuko ospitaleek duten gaitasunari eta testak egiteko ahalmenari lotuta. Horren arabera, kalera ateratzeko baimenak murrizketa txikiagoak edo handiagoak izango ditu.

Berde mantenduz gero, ekainean kafetegi eta jatetxeak ireki ahalko dira agian

Datozen hiru asteetan berde mantentzeko gai diren departamenduetan, “ekaina hasieran etapa berri bat abiatu ahalko dute eta beharbada bigarren hezkuntzako eskolak, kafetegiak eta jatetxeak ireki ahalko dituzte”. Berde mantentzeak esan nahi du ospitaleak gai direla dauden beharrei erantzuteko eta testak egiteko prestatuta dagoela lurraldea, besteak beste.

Gorrian, parke eta lorategiak itxirik

Gorri kolorea duten departamenduetan, nahiz eta deskonfinamendua abiatu, murrizketa gogorragoak izango dituzte eta adibidez, ezingo dira ikastetxeak, parkeak eta lorategiak zabaldu. Gorri egoteak esan nahi du birusa oraindik aktiboki ari dela zirkulatzen eta ospitaleetan ez dela behar adina arindu presioa. Asteazken gauean, oraindik 27 ziren gorri kolorea zuten departamenduak.

Irizpideak erdizka betetzen dituzten departamenduek laranja kolorea dute.