Arabak langa gainditu du, EH Bildu indar politiko bozkatuena izan da eta zortzi eserleku eskuratu ditu Gasteizko Legebiltzarrean. Sorpresa ez da handia izan, izan ere, azken urtetako emaitzek joera hori markatzen zuten. Hauteskunde hauetan Araba harribitxi preziatuena zelaren ideia oso presente egon da. Inkestetan eta lagunen arteko porretan gehienok aurreikusten (nahi) genuen eszenatokia baieztatu da. Inkestak inkesta, giro berezi bat zegoen, EAE osoan: aldaketaren nahia eta sorpassoaren egikaritzea.
Araban, duela ez horrenbeste, PPren urdinak bazuen mapan presentzia oso handia. EAJren berdeak ere. Bien artean ia mapa osoa hartzen zuten. Historikoki, Araba oso kontserbadorea izan da, eskumakoa. Instituzio nagusietan EAJ eta PP nagusitu dira txandaka, euren arteko bozka-emaileen joan etorrien arabera, baina jendarte soslaia parametro horietan murgiltzen zen, egonean egotearen nahia.
Bestalde, egon dira gurean fenomeno ikusgarri bezain efimeroak. Podemos sortu zen, gutxira lehenengo indarra bilakatu zen eta lurralde osoa margotu zuen morez. Laster batean, ordea, gauzak baretu zirenean, urak bere bidea topatu zuen berriz ere. Oraingo honetan harakiri politikoa gauzatzea erabaki du ezker konfederalak eta emaitzak erabaki okerraren – eta, era berean, esparru horren existentzia bazterrekoaren– seinale dira.
Kolore gorriak (PSE) bereari eutsi dio, Gasteizen nagusiki, baina beti EAJren mende.
Hala ere, ezer ez da betirako. Iraupen-lasterkari gisa irudikatzen dut EH Bildu Araban. Ezusteko handirik gabe azken hamarkada luzean gorantza joan den mugimendu politikoa izan da. Hainbat udalerritan berde-Bildu kolorea zabaltzen hasita zegoen, iparraldetik gehien bat, Laudion, Agurainen, N1etik gorako lautadan, nekazal eremuan eta herri txikietan. Gasteizen 2015ean egundoko emaitzak izan zituen EH Bilduk, eta bigarren indarra izan zen PPren atzetik. Iaz, bozka gutxirengatik bigarren indarra izan zen Araban, eta Gasteizen irabazle. Zinez iazkoa mugarri bat izan zen, duela urte batzuk ia pentsaezina. Baina ez soilik hiriburua, berde-Bildu Aramaiotik Oioneraino zabaldu zen. Atzo berde-Bilduk herrialde ia osoa hartu zuen.
Araban, bagoaz. Alor instituzionalean 'aldaketa'ren alde metatzen ari den indarra bihur daiteke, praktika politiko koherenteen bidez, benetako 'eraldaketa' gauzatzeko gaitasuna.
Jendartearen tonua eta pultsua ez dira egun batetik bestera aldatzen. Osagarri asko izan dira beharrezko aldaketa politikoa gauzatzeko: euskararen bultzada, feminismoaren begirada eta grina, herri mugimenduaren eta langileen borrokak, frankismoaren kontrako borrokaren memoria aldarrikatzeko tema eta dema, neofaxismoari planto egiteko irmotasuna, lurraldea babesteko ekimenak, zerbitzu publikoen defentsa, Trebiñu... Ilusio eta asmo horiekin guztiekin eta gehiengoarekin konektatzen jakin izan du EH Bilduk. Egonean egotetik aurrera begiratzeko ilusioarekin eman den prozesu luze eta kolektiboaren ondorioz. Berde-Bildu erabat zabaldu bada ere, Araba aspaldi ez da kolore bakarrekoa, eta batez ere grisa izateari utzi zion.
Bai, aldaketa soziologikoa dago Araban, baina aldaketa hori ulertu, jendearen kezkak entzun eta zintzotasunez euren arazoak konpontzeko irtenbideak proposatzeko, ezinbestekoak dira gaitasuna, jarrera txukuna eta nekatzeko borondatea. Eta hor, Araban, bagoaz. Horrela, bai, gaur egun alor instituzionalean aldaketaren alde metatzen ari den indarra bihur daiteke, praktika politiko koherenteen bidez, benetako eraldaketa gauzatzeko gaitasuna. Hala bedi.