argia.eus
INPRIMATU
Berbaz aldizkari literarioa aurkeztu dute Sorginola gaztetxeko Ateneoako kideek
  • Sorkuntza aldizkaria da Berbaz, durangaldeko gazteen lanekin ekoiztutakoa. Ateneoako kideak dira proiektuaren bultzatzaileak, Sorginola gaztetxearen baitan sortutako proiektuko gazteak. Kultura bultzatzeko helburuarekin, azken hiru urteotan ekimen ezberdinak egin dituzte.

Topatu.eus @topatu_eus 2018ko uztailaren 11
Berbaz aldizkari literario ugari mahaian salgai (Argazkia: topatu.eus)

Durangoko Sorginola gaztetxeko hirugarren urteurrenaren Fundifest jaialdian aurkeztu zuten Berbaz aldizkari literarioa; hain zuzen ere, ekainaren 29an. Bertaratu zirenek lehen aleak eskuratzeko aukera izan zutela azaldu dute aldizkariaren bultzatzaile diren Ateneoako kideek, uztailaren 7an ere Durangoko Goienkale kalean jarri zuten postutxo batean herritarrek eskuratzeko aukera izan zutela gaineratuz. Aldizkaria orain arte aurrera eraman duten proiekturik potenteena dela azaldu dute sortzaileek, gazteen artean kultura bultzatzea helburu, aurretik ekimen ezberdinak egin dituztela adieraziz.

"Aldizkariaren edukian literaturak berebiziko garrantzia hartzen du", nabarmendu nahi izan dute Ateneoako kideek. Alde batetik, zenbait gaztek bidalitako lanek osatzen dute sortu berri duten proiektua; bestetik, "24 ordu paperean" jolas literarioan jasotako lanak ere bildu dituzte aldizkarian. Literaturaz aparte, ordea, kulturaren eta sorkuntzaren aniztasuna azpimarratu nahi izan dute; besteak beste, musika, artea edota antzerkia. Horretarako elkarrizketak eta iritzi artikuluak tartekatu dituzte. 

Aldizkaria sarean ez ezik, Durangoko Hitz liburudendan eta Intxaurre Kultur Elkartean eskuragarri dagoela jakinarazi dute Ateneoako kideek, bi euroren truke. Horrez gain, aurki durangaldeko beste herri batzuetako gaztetxeetan ere salgai jarriko dira.

 

Albiste hau topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.