Euskalkien Lagunak lantaldeak eta Iberba aholkularitza zerbitzuak sustatuta, Berbategia aurkeztu zuten ostiralean Bilboko Burtsan. “Berbategia euskalkien altxorra jasotzeko diseinatu den eta auzolanean egiteko asmoa duen hiztegia da”, azaldu dute.
Herrietako euskara aberatsa ez galtzeko azpiegitura eskaintzea da Berbategiaren bultzatzaileen helburua. Euskalkiei ez zaiela "inolako babesik eman” diote, eta horien aberastasuna ez galtzeko eta zabaltzeko egin dute proiektua.
Ikertzaileentzat tresna egokia izatea nahi dute, besteak beste beraen lanak ezagutzera emateko orduan.
23 herri eta eskualdetako euskara hiztegiak jaso dituzte momentuz Berbategian, eta horietako lauren egileak egon ziren aurkezpenean: Iñaki Gaminde, Juan Martin Elexpuru, Kepa Diegez eta Angel Larrea. Proiektuaren koordinatzailea Patxi Alaña da.