argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernua
Sexuz aldatzeko berariazko adierazpena nahikoa izatea nahi du Berdintasun Ministerioak
  • Transexualitatearen legearen proiektuaren arabera, adin gutxikoek sexua aldatu ahalko dute medikuaren txostenaren beharrik gabe. 12 urtetik beherakoen kasuan, ezinbestekoa izango da gurasoen baimena, 16 urtetik aurrerakoen kasuan aldiz ez.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 03a

Erregistro Zibilean sexu aldaketa egiteko gaur egun indarrean dauden baldintzak ezabatzen ditu lege proiektuak, eta pertsona horren "berariazko adierazpena" soilik eskatuko du, El diario.es-ek adierazi duenez. Testuak, transexualitatea patologietatik kanpo uzten du. Gaur egun, “genero-disforia” diagnostikatuko dien txosten psikologikoaren beharra eta bi urteko hormonazioa ezinbestekoak dira erregistro zibilean aipamena aldatzeko.

Osasun arloan, pertsona transexualentzako osasun arreta espezifikoa Espainiako Osasun Sistema Nazionalean zerbitzu komunen zorroan sartuko da. Hezkuntzan, ikasleek haien genero identitatea adierazteko eskubidea izango dute. Kirolean aldiz, erregistratuta dauden sexuaren arabera parte hartu ahalko dute eta presoen kasuan ere erregistratutako sexuaren araberako tratua izateko eskubidea bermatuko litzateke. 

 

PSOEren oztopoak

Lege proiektuak oraindik ez du PSOEren erabateko oniritzia. Sozialistek “behar bezala egiaztatutako transexualtasun egoera egonkorra” ezinbestekoa dela babesten dute sexua legez aldatzeko. Transexualen eskubideekin konpromiso irmoa duela adierazi du Pedro Sanchezen alderdiak, baina “berme juridikoak” ezinbestekoak direla legeztatzeko orduan.

Unidas Podemoseko Irene Monteroren ministerioa ari da prestatzen lege proiektua,  ekimena berehala bultzatzeko asmoa du baina gobernukide sozialistek epe luzeago baterako ekintza ikusten dute, oraindik beste ministerio batzuen txostenen beharra gogoraraziz.