Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako. “Ezin dugu onartu Uribe Kostan geratzen zaizkigun nekazal lur guztiak txikitzea”.
Aguirre-Lipperheide familiak Otxantegiko zortzi hektarea nekazal lur saldu nahi ditu Amenabar enpresak etxeak egin ditzan. “Pelotazo honen bidez, 30 milioi euro irabazteko asmoa du”, diote Otxantegi Herri Lurrak kolektiboko kideek: “Krisi ekologiko bete-betean, tokian tokiko produktuak kontsumitzea eta elikadura burujabetza zein garrantzitsua den jakinda, halako hirigintza proiektu diruzalea burutzea ekozidio hutsa da”. Gainera, Berangoko Udalak operazioa etxebizitza eskubidearekin mozorrotzen duela baina “gure kontura egindako negozioa” dela salatu dute.
2023an lortu zuten lehenengo desalojo agindua geldiaraztea, auzokoen elkartasunari eta herri-antolakuntzari esker. Bigarren desalojo saiakera hau geldiarazten laguntzeko, goizeko 8:30ean gosari herrikoia deitu dute, “lurraren defentsan”. “Bi urtez lurra landu dugu, espazioa elkarrekin ikasteko topagune bihurtu dugu, eta horretan jarraitzeko prest gaude. Berton ereindako haziak eraiki nahi duzuen mundu grisean ernalduko dira”.
Bestalde, proiektuaren bigarren urteurren festa antolatu dute apirilaren 13an eta egun osoko egitaraua osatu dute, albiste honetan berriki kontatu dugunez.