argia.eus
INPRIMATU
Berango Lurraren Defentsan taldearen aurka salaketa jarri du Amenabar eraikuntza enpresak
  • Berango Lurraren Defentsan taldeak jakinarazi duenez, haien kideetako batek epaitegian deklaratu behar izan du Amenabar Etxegintza Bizkaia S.L. enpresa eraikitzaileak haren kontrako salaketa jarri ondoren. Horrez gainera, talde ekologistak deitoratu duenez, taldekide guztiak identifikatzeko eskatu ei die enpresak poliziari: "Taldekide guztiak epaitu nahi dituzte 'kalteak eta indarkeria' delituak leporatuta".

Hiruka .eus 2021eko maiatzaren 21a
Martxoaren 27an manifestazio jendetsua egin zuten udalerrian. © BERANGO LURRAREN DEFENTSAN

Berango Lurraren Defentsan taldeak informatu duenaren arabera, Amenabar enpresaren bulegoetan kartelak itsastea egotzi gura diete talde ekologistako kideei. Ekimen horretan ez zuten inor harrapatu, eta, ondorioz, prentsan berba egin duen kideetako bat salatu ei dutela deitoratu du talde ekologistak.

Horrez gainera, Berangoko taldeak azpimarratu du enpresa eraikitzaileak ekologisten sare sozialak erabili dituen edonor identifikatu eta epaitu gura dutela, eta, horretarako, ordenagailuen IP-helbideak eskatu dituztela.

Daborduko kideetako batek epailearen aurrean deklaratu behar izan du, baina, momentuz, kasua artxibatuta dago IP-helbide horiek lortu artean.

Egoera horren aurrean, Berango Lurraren Defentsak galdetu du ea zergatik lurrak "ilegalki" saltzeak ondorio legalik ez duen, baina horren inguruan informatzeak bai. Hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, barikuan, Sabino Arana kalean, 19:00etan.