argia.eus
INPRIMATU
Berako Udalak herria hondamendi eremu izendatzeko eskatu du
  • Larunbatean izandako euri-jasek kalteak eragin dituzte Bera, Lesaka eta Aranon. Kalte materialak handiak izan dira, eta dozenaka etxe, lokal eta denda hondatu dira. Hainbat errepidetan ere arazoak izan dira.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 22a
Bizilagunek asteburuan utzitako lokatza garbitzen jarraitzen dute. Argazkia: Maider Iantzi / GARA.

AEMETen hitzetan, "muturreko fenomenoa" izan da, eta azken urteotako markak hautsi dira pilatutako litro kopuruari dagokionez.

Aitor Elexpuru Berako alkateak esan du "kalteak izugarriak" izan direla, Euskadi Irratiak egindako elkarrizketan. Asteburuan gertatutakoaren balantzea egin du, eta espero du "lehenbailehen" Bera hondamendi eremu izendatzea.

Alkateak jakinarazi du Nafarroako Gobernuari txosten urgentea aurkeztuko diola. Era berean, adierazi du gobernuko ordezkariekin harremanetan jarri dela, eta aurreratu du laguntzearen aldeko jarrera erakutsi dietela.