Berako Udalak, herriko bero sarea hornitzeko, herriko egurra erabiliko du. Joan den urtean pago egur lote batzuekin egin zuen proba eta emaitza ona izan zen. Ezpalaren hezetasuna %30 azpitik izatea lortu zen eta erretzerako orduan ez zen inolako arazorik izan.
Aurten pinuarekin eginen da froga. 200 tona inguru pinu ezpaldu dira eta urte osorako nahikoa erregai izatea espero da. Ekonomikoki, pinua merkeagoa denez, emaitza hobeak izatea espero da. Era berean, inguruko intsignis pinuek duten egoera kaskarra ikusirik, irtenbidea emateko modua ezpaldu eta energia sortzea izan daiteke. Horrekin, kiroldegia, haur eskola, institutua, ikastola eta eskola berotuko dira.
2014az geroztik, martxan jarri zenetik, 1.900 mw energia kontsumitu da biomasa instalazioan. 250.000 litro inguru gasolio aurreztu dira. Udalaren arabera, dirutan 45.000 euro aurreztu dituzte: "Tokiko garapena hobetzeko bidean bertako energia garbiak bultzatzea ezinbebertzeko apustua iruditzen zaigu eta horietan biomasak emaitza onak ematen dituela garbi dago, bai ekonomikoki, baita ekologikoki ere. Beti ere gure mendien ustiaketa jasangarria izan dadin neurriak hartuz eta botatzen diren eremuak berriz ere landatuz".
Albiste hau Erran.eus-ek argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta