argia.eus
INPRIMATU
Berakatz edo baratxuri, baina mugikor
  • Landare ia guztien ezaugarri nagusia geldirik ez baina mugitu gabe bizitzea da. Gose bada, egarri bada, hotzak erretzen, beroak kixkaltzen, dena datorkiola landareak han eutsi behar, kieto! Horrek buruhauste ugari dakarkie, baina milioika eta milioika urteren poderioz egunero datorkien ingurune, lur, klima eta abarreko egoera berrietara egokitzeko ikaragarrizko gaitasuna garatu dute. Gure aurretik landareak baziren eta gure ondoren ere izango dira, dudarik ez egin.

Jakoba Errekondo 2022ko azaroaren 24a

Berakatza edo baratxuria (Allium sativum) ez da edozein landare. Euskal Wikipediak dioenez, berakatz da izen zaharrena, belar + latz du jatorri eta “belar gogor edo latz” esan nahi du. Gerokoa da baratxuri, baratze + txuri, baratzean sortzen den landare txuria, alegia. Haria galdu gabe, berakatza ez da edozein landare. Ez du nahi nonahi bizi. Hezetasuna, bustia, urasetutako lurra... finean ura ez zaio batere gustatzen. Berakatzak lur zakarrak, elkorrak, lur goseak maite ditu; ez lur emankorrak eta gutxiago buztin lur aberatsak. Hortik dator Euskal Herri hezean, itsasotik hurbilenean, tajuzko berakatzak egiteko dagoen zailtasuna. Lehen berakatz-buruak biltzeko landatzen zen. Horretarako, eguna luzatzen hasi baino lehenago landatu behar da, urte amaierako solstizioaren aurretik, hotzak ederki jasan eta burua egiteko grina pizteko. Hemen, ordea, udaberri hezeak gogor jipoitzen du. Eguna gaua baino luzeagoa egiten denean, udaberriko ekinozioan, airea eta lurra epeltzen dira eta hezetasunarekin gorrina sortzen dion onddoa (Puccinia allii) suspertu egiten da, eta harrotu. Zaila da udara, eguna mozten hasten den solstiziora sano iristea, eta ordutik atzera biltzen da uzta…

Berakatza gure lurren giroa ezagututa izutu egiten da; gorriak datorzkiola badaki. Berakatza ez da, baina, edozein landare. Berakatz-atala, -lakatza, -lakaina, -zizterra edo -xixterra, -izterra, -azpia edo -alea ez da hazia, ez da erreboila ere, berez hozi- edo ernamuin-zurtoina da. Landatzen denean eta hezetasunaren susmoa hartu orduko sustrai indartsuak garatzen ditu eta atal hori lurretik kanpora ateratzeko gai da, ustel ez dadin. Tropismo hidrofugoa duela esaten da, urak izutzen du eta mugitzeko gai da. Mugitu egiten da bai! Lur lehor baten bila. Horrek makina bat istorio sortu du: sorginek, ilargiak, izarrek eta abarrek lurretik atera eta mugitzen dituztela.

Gaur egun gure lurralde hezeko nekazariek berakatza jartzen dutenean batez ere berakatz-aietak jateko jartzen dituzte. Aietak edo berdetan edo berakatz berriak, umotu gabeak, boladan daude eta ederki hazten dira. Ez da burua jaso nahi, hura elikatzeko aurretik sortzen duen hosto motots guria baizik, zurtoina edo kimua edo muskila edo aihena edo lastoa. Neguko gutizia da. Oso erraza da bere langintza, loreontzitxo bat nahikoa da: buru osoak sartu elkarren ondoan, bi behatz lur gainean jarriz. Nik udan hasi eta udaberria etorri arte ilbeherero landatzen dut berakazditxo bat, berakatz-herria.