Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak salatu du Berakah programa beste bi familia etxegabetzen saiatzen ari dela, iaz beste familia batekin egin zuen bezala. Dagoeneko salatutako hauetaz gain, Berakahko kasu gehiago ari dira heltzen etxebizitza sarera. Berakah programa Santa María eta San Vicente Martir parrokien gizarte-ekintza da, eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako etxebizitzak kudeatzen ditu. Gasteizko elizbarrutiaren babesarekin jarduten du, Vital Fundazioaren finantziazioa eta donazio anonimoak izanik diru-iturri.
Hain zuzen ere, 2023ko urrian Berakahk Fatima eta bere familia etxegabetu zituen irregulartasunez jositako prozesu judizial baten bidez. Izan ere, etxegabetutako familiak 5 hilabete itxaron behar izan zituen alokatzeko etxebizitza bat lortu arte. Tarte horretan, udalak eskainitako behin-behineko irtenbidea merkatu pribatura jotzea izan da, zehazki, pisu turistikoetara, eta hasierako bi hilabeteetan, familia bi etxebizitzatan bananduta egotea ekarri du horrek, lau adingabeen familia-batasunerako eskubidea urratuz. Gainera, udalak eskainitako behin-behineko etxebizitza turistikoak urratzen zituen baldintzen ondorioz, baliteke lau adingabeek euren bizileku-baimenaren jarraitutasuna galtzea.)
Bestalde, iaz ere, Santa María Parrokiak beste bi prozesu judizial abiarazi zituen Hanan eta Naceraren aurka; Hananen familiari dagokionez, epaitegiek emandako sententziak etxegabetzera kondenatu ditu. Horrez gain, 2020ko Errege Dekretuan jasotako zaurgarritasun baldintzak bete arren, etxebizitzan erroldatutako data Errege Dekretua indarrean sartu baino beranduagokoa denez, epaitegiak ebatzi du ezin zaiela aplikatu.
Hemen duzue ikusgai Auzoan Biziko kideen testigantzak jasotzen dituen bideoa.
Auzoan Biziren hitzetan, “hainbat aldiz salatu dugu Berakahk bere programan dauden familiak etxegabetzeko mekanismoak martxan jartzen dituela. Badakigu etxegabetzeez gain, Berakahk argi mozketak egin dituela, etxeko zenbait gasturen ordainketa exijitu diela familiei inongo ziurtagiririk erakutsi nahi izan gabe, irainak eta komentario arrazistak egin dizkiela, xantaiak egin eta mehatxatu egin dituela… Martxan dauden etxegabetze-prozesu guztiak berehala eteteko eskatzen diogu Berakahri, baita abusuak eta praktika arrazistak geldiarazteko ere. Etxebizitzaren gatazkan jarrera hartzeko eta antolatzeko deia egiten dugu. Guk argi daukagu: etxebizitza negozioa den bitartean eta erakundeak konplize diren bitartean, ez da eskubidea izango. Etxebizitza duina bermatzeko modu bakarra antolatzea eta kalera ateratzea da. Hala egin dugu kasu honetan, eta hala egiten jarraituko dugu”.