argia.eus
INPRIMATU
Dimititu egin du Netanyahuren ministro batek eta honenbestez, “moderatuen” babesa galdu du
  • Netanyahuk “benetako garaipena oztopatzen” duela argudiatu du Benny Gantz ministroak, gerra kabinetea uzteko arrazoien artean. Netanyahuren gobernuak indarrean jarraitzeko babes nahikoa du oraindik, baina “zentrikoena” den alderdia galdu du.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 11

Batasun Nazionala alderdiko buru Benny Gantzek utzi egin ditu gerra kabinetea eta larrialdiko gobernua, eta salatu du Netanyahuk ez duela gerra osterako planik. Ultimatuma emana zion lehen ministroari, argitu zezan zein zen Gazarako estrategia, eta erantzunik jaso ez duenez, gobernutik ateratzea erabaki du. Politikari “zentrista” bezala aurkeztu izan du bere burua Israelen, eta orain Netanyahuri eskuin muturraren babesa besterik ez zaio geratzen.

Gantz atera izanak ez du berehalako arriskuan jarriko Netanyahuren gobernua, koalizioak oraindik gehiengo osoa duelako Knessetean, Israelgo parlamentuan, 64 eserleku ditu 120tik. Hala ere, Netanyahuk are menpekotasun handiagoa izango du eskuin muturreko aliatuekiko, Gazaren okupazio osoa eskatzen duten horiekiko. Gantzen alderdia “zentrista” da Israelgo politikagintzan, hainbat adituren arabera, eta baliagarria izan zaio Netanyahuri diplomazia lanetan, babesa areagotzeko Israelen, zein atzerrian. Orain Netanyahuk ultrakontserbadoreen presio gehiago jasatea espero da, amaierarik ikusten ez denean Gazako genozidioarentzat, eta Libanoko Hezbollahrekin borrokak areagotzeko arriskua dagoen honetan.

Benny Gantzek, dimisioa aurkezteko prentsaurrekoan, adierazi du "harro" hartu zuela parte urriaren 7aren ondoren larrialdiko gobernu kabinetean, baina zortzi hilabeteko borroken ondoren "aurrera begiratu beharra" dagoela. Yoav Gallant Defentsa ministroari dei egin dio “ausarta izan eta egin beharrekoa egin" dezan. Salatu du Netanyahu porrot egiten ari dela Hamasen aurkako gerran, eta “oztopatzen ari dela benetako garaipenera” heltzea. Hauteskundeak deitzeko eskatu dio lehen ministroari.

Netanyahuk kritika egin dio Gantzi, esanez ez dela momentua “itsasontzia abandonatzeko, indarrak batzeko baizik”. Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun ministroak beretzako eskatu du Gantzek gerra kabinetean zuen eserlekua. Ben-Gvir buru duen Botere Judua alderdi ultranazionalistak, sei eserleku ditu parlamentuan, eta palestinar guztiak hil edo kanporatzea proposatzen du. Bezalel Smotrich Finantza ministroak Gantzi leporatu dio Hamasek, Hezbollah-k eta Iranek nahi dutena egin izana.

Benny Gantz zentrista?

Hala aurkeztu izan du Gantzek bere burua Israelen, eta Netanyahuren aurkari nagusi izan daiteke presidentetzarako bozetan. Askok zalantzan jarri dute Gantzen moderazioa, edo moderazioaren kontzeptuak berak zer esan nahi duen Israelen. 2019an parlamenturako bozetarako kanpainan, adibidez, Benny Gantzek bideo bat argitaratu zuen, Gazako suntsiketa agertzen zena, zuri beltzean, “palestinarrak harri arora bueltan bidaltzea” proposatzen zuten hitzekin.