Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da EHU".
Astelehen goizean egin du karguaren zina Joxerra Bengoetxeak, Gasteizko Ajuria Enea jauregian, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Hezkuntza sailburua aldean zituela. "Pozez beterik, ohorez eta errespetu handiz" hartu du kargua. Eskerrak eman dizkio aurreko errektoreari eta haren lantaldeari, kargua eskualdatzeko prozesuan beso zabal aritu izanagatik. Horiek esanda, seiurteko agintaldiari begirako oinarri orokorrak aipatu ditu Bengoetxeak. Aise irabazi zituen hauteskundeak azaroan.
Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituzten adierazpenak ugaritzen ari direla azpimarratu du errektore berriak, "post-egiaren garaiak" direla definitu du, eta EHU horren aurkako "euste-horma" izango dela iragarri. Horrez gain, unibertsitate publiko batek bere kideen "pentsamendu askatasuna" bermatu behar duela adierazi du Bengoetxeak, eta horren defentsa egingo duela azpimarratu.
"Prest izango gaituzue euskal gizarteari unibertsitatean daukagun onena eman eta zabaltzeko", esanez finitu du hitzaldia Bengoetxeak, agintari politikoei paso eman aurretik.
Finantzazioa igo?
Finantzazioa igotzea izan da Bengoetxearen eta haren taldearen kanpainako eskari esanguratsuetako bat. Kargu hartze ekitaldian gainetik aipatu baino ez bada egin ere, Bengoetxearen taldeko Estitxu Garaik, Bizkaiko Campuseko errektoreorde izango denak, EHUren finantzazioa igo beharra nabarmendu du asteburuan El Correo-n emandako elkarrizketan. Besteak beste, matrikulen prezioak jaisteko premia, Leioako Campusera garraioa hobetzekoa, eraikin batzuen eraberritzea eta irakaskuntzako baldintzak hobetzea nabarmendu ditu Garaik: "Irakaskuntzaren kalitatea igo behar dugu. Uste dugu zerbitzu publiko bikaina ematen duela EHUk, baina baldintzak hobetzeko modukoak dira. Finantzazioa igotzea lehentasunetako bat izango da guretzat. Legediak jasotzen du BPGaren %1era irits daitekeela finantzazio publikoa".
Imanol Pradales lehendakaria ez da gai horretan sartu Bengoetxearen kargu hartze ekitaldian. Esaldi bakarrean likidatu du gaia: "Dirua beharrezkoa da, baina ez da arrakastarako osagai bakarra; eskutik doaz autoexigentzia eta anbizioa".