argia.eus
INPRIMATU
Benetton eta Argentinako estatua Maldonadoren desagerpenaren erantzuletzat jo dituzte
  • Abuztuaren batetik desagertuta dago Santiago Maldonado gazte argentinarra. Azkeneko aldiz herri maputxearen aldeko mobilizazio batean ikusi zuten Poliziak bera jipoitzen zuen bitartean. Benetton multinazionalak erositako maputxeen lurrengatik ari ziren protestan.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 01a

Benettonek Maputxeak kanporatu nahi ditu euren lurretatik eta horren kontrako mobilizazioan parte hartu zuen Santiago Maldonado 28 urteko gazte argentinarrak. Poliziak manifestazioaren kontra oldartu zen eta hainbat lekukoen arabera, ihesean ari zela atzeman zuten Maldonado poliziek.

Inguratu eta hainbat aldiz kolpatu ostean atxilotu zutela iruditu zitzaien lekukoei. Egun horretatik aurrera ez da gaztearen inolako berririk izan.

Munduko txoko askotatik elkartasun keinu andana hedatzen ari da Maldonado bizirik agertu dadin exijituz. Abuztuaren 30ean Argentinako enbaxaden aurrean kontzentrazioak egin dituzte, eta gaur, irailaren batean, desagertu zenetik hilabetera, manifestazio jendetsua izango da Buenos Aireseko Maiatzeko plazan.

Euskal Herrian ere elkartasun keinuak izan dira. LAB sindikatuak, adibidez, kontzentrazioa deitu du irailaren 1erako, 18:00etan Bilboko Arriaga plazan.