argia.eus
INPRIMATU
Benetan WikiLeaksen sinesten baduzu, Assangek justiziari aurre egitea eskatu beharko zenuke
  • Julian Assange WikiLeaks-eko burua Ekuadorrek Londresen daukan enbaxadan dago ekainaren 19tik, Suediara estraditatu dezaten eragozteko. Emakume bat ustez bortxatu izana leporatzen diote Assangeri; bere aldekoek berriz, ekintzailea AEBetara eramateko konplota ikusi dute salaketaren atzean. Afera argitzeko eskatu du Laurie Pennyk The Independent egunkarian idatzitako artikulu honetan. Horretarako Assangek justiziaren aurrean deklaratu behar duela uste du.

2012ko abuztuaren 22a
Julian Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadako balkoian.

“Zer eduki nahi duzu, emakumeen eskubideak edo adierazpen askatasuna? Horrek dirudi galdera Ekuadorko enbaxadaren kanpoan dagoen jendetzarentzat, hainbat ekintzaile agurgarrik esandako hitz beroak entzunez gero”.

(…)

“Hitz egin dezagun argi: inork ez lituzke printzipio batzuk ito beharko beste batzuk biziarazteko. Hori egitea aukeratzen baduzu, zure kontzientziaren problema da. Nik adierazpen askatasunean sinesten dut eta kazetaritzaren indarrean –hori egitetik bizi naiz–. Uste dut gobernuek erantzun egin behar dutela irabaziak lortzen saiatzeagatik bakearen izenean eta milaka lagun masakratzeagatik segurtasunaren izenean. Sinesten dut sekretupeko garaiaren amaieran eta sinesten dut AEBak saiatzen ari direla hori saihesten, mundu osoko hackerrak, informatzaileak eta kazetariak jarraituz eta jazarriz. Eta emakumeei ere sinesten diet”.

“Emakumeei sinesten diet esaten dutenean sinesten eta miresten dituzten gizonek, baita ezezagunek ere, euren baimen sexuala urratu dutela, indarra erabiliz eta hertsaduraz. Sinesten dut gobernuek bortxaketa eta indarkeria sexuala nahita uzten dituztela bazterrean, gardentasun erradikalaren aldeko ekintzaileak akusatzen dituztenean salbu. Sinesten dut posible dela emakumeei sinestea eta WikiLeaks-en alde egotea aldi berean hipokrisia moralik gabe, eta uste dut bi ideia sinple horiek euren buruetan batera edukitzeko problemak dauzkatela diruditen ezkertiarrek beren baitan galdetu beharko luketela zer esan nahi duen benetan erantzukizunak”.

(…)

“Beraz, arren ez galdetu ustezko sexu-erasotzaile batek –aske eta jarraipenik gabe dabiltzan ehunka milioiren artean– bere ekintzengatik erantzun behar ote duen lege epaitegi batean besteengandik bereizten duen bakarra (…) hainbat gobernu lotsarazi izana baldin bada. Arren, ez galdetu hori, erantzunak min ematen baitu”.

“Erantzuna da, noski, Julian Assangek azalpenak eman beharko lituzkeela, noski eman beharko lituzkeela, eta azalpenak eman beharko lituzke prozesu egokiek esanahiren bat duten eta emakumeak errespetatuak diren sistema batean; eta gaur egun sistema hori ez da existitzen”.