argia.eus
INPRIMATU
Benetako mehatxuak... eta benetako aukerak

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 29a

Ondoko infografia Kataluniako Delàs Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak 2022ko urrian argitaraturiko 55. txostenean dago oinarrituta. Txosten horretan Xavier Bohigas, Pere Brunet, Teresa de Fortuny, Anna Montull Garcia eta Pere Ortegak, enpresa transnazionalen, belizismoaren eta klima larrialdiaren arteko loturak aztertu zituzten sakon. Eta hamasei hilabete geroago, lotura horiek areagotu baino ez direla egin esan dezakegu.

Ondorioen artean, egileek diote klima larrialdiaren eta migrazio krisiaren abaroan, interesen eta botere globaren sare handi bat sortu dela munduan, herrialdeetatik harago doazen aktore pribatu gutxi batzuek zuzendua. Mundu mailako sare horrek militarren negozioak lotzen ditu lehengai fosilen negozioekin, eta zuzenean eragiten die ingurumen krisialdiei, batez ere Hegoalde Globalean.

Aurrera begira, gastu militarra igotzea aurreikusten dute, baita potentzien arteko gero eta gatazka gehiago egotea ere, potentzia horien ekonomiek jasango dituzten “mehatxuei” aurre egiteko.

Baina infografiak ondo azaltzen duen bezala, mehatxuak ez dira esaten dizkigutenak, baizik eta “karrera armamentistikoa eta gatazka armatuak sustatzen dituzten eliteek” sorturikoak. Hori horrela, beste lehentasun batzuk eta beste geopolitika bat beharrezko ikusten dituzte, eta horretarako “gizarte zibilaren mobilizazioa da esperantza bakarra, irtenbide ekofeministak eta ekintza kolektiboak aurrera eramateko”.

 

[Infograma hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]