argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Benetako espioia ote da ba Ewan Gerxkovitx kazetari estatubatuarra?
  • Errusiako epaileek leporatzen diote, besteak beste, Armata errusiar tanke modernoenaren ekoizlea den Uralvagonzavod enpresako dokumentu klasifikatuak gainean zeramatzala harrapatu zutela. 20 urteko zigorra jaso dezake. Baina benetako espioia ote zen? Zoritxarrez, ezetz esango nuke. Klasikoa baino klasikoagoa den “amu-operazio” batean erori zela... erortzeko ibileran zebilen kazetari behartsua zelako, seguruenera.

Mikel Aramendi 2024ko ekainaren 18a
Errusiako epaileek behin-behineko kartzela luzamenduak amaitutzat eman eta haren epaiketa eginbidean jarri dute jada. / Argazkia: EVGENIA NOVOZHENINA.

2023ko martxoaren 29an atxilotu zuen Errusiako FSBaren kontraespioitza-adarrak Jekaterinburg-en (Errusia) Ewan Gerxkovitx kazetari estatubatuar gaztea, une hartan Wall Street Journal hedabide-multzoaren kontura ari zena. Akusazioa, espioitzan aritzea. 1986az geroztik, Ewan jaio baino lehenagotik, ez zen gertatzen Errusian kazetari estatubatuar bati halakorik leporatu izana.

WSJ bera ez ezik, Mendebaldeko hedabide nagusiak ere tropelean atera ziren Ewanen errugabetasuna eta, ifrentzuan, Putinen maltzurkeria berrestera. Mutil gizajoaren trukean, Mendebaldean atxilo legokeen gaiztagin maltzurren bat askarazteko trikimailua izango omen zen. Edo Ukrainako gerrak Errusian sorrarazi duen anabasa ezagutu ez dadin. Edo...

Etxe Zuria eta Estatu Idazkaritza ere atera ziren Gerxkovitxen atxiloketaren bidegabekeria salatzera. Baina errusiar agintariek irmo zioten gaizkintza bete-betean harrapatu zutela. Eta Moskuko epaitegiek behin eta berriz luzatu dute haren atxiloaldi prebentiboa. Nekez izango zen luzamendua ezer ikertu beharraren ondoriozkoa, ikertu beharreko guztia aurretiaz ederki landua izan ohi baita halakoetan. Beraz, urtebete baino gehiagoko hori truke edo antzekoren bati aukera emateko izan dela susmatzea bidezkoa izan liteke. Beste aldeak, hau da, AEBek, ordea, ez dirudi interes handirik erakutsi duenik.

Tucker Carlsonek Putini egindako elkarrizketa ospetsuan izan zen hizpide azken aldiz, gure artean, Gerxkovitx kasua. Errusiar agintariak truke bat iradokitzen zuela usaindu zuten batzuek. Bestelako ñabardura bat egin zitzaidan deigarria niri: lanbide horretan eskarmentua duen –eta kasuaren inguruko argibideak ezagutzeko aginpidea ere baduen– Putinek, “espioitzan aritzea” eta in fraganti harrapatua izatea leporatzen zion Ewani... baina ez zuen ezeztatzen haren espioi-tasuna ukatzen zuen Carlsonek zioena. Bitxia.

Kontua da Errusiako epaileek luzamenduak amaitutzat eman eta haren epaiketa eginbidean jarri dutela jada. Akusazioa: besteak beste, Armata errusiar tanke modernoenaren ekoizlea den Uralvagonzavod enpresako dokumentu klasifikatuak gainean zeramatzala harrapatu zutela. 20 urteko zigorra jaso dezake. Baina duela urtebeteko harrabotsa, isiltasun da orain gure artean.

Benetako espioia ote zen, bada, Ewan?

Zoritxarrez, ezetz esango nuke. Klasikoa baino klasikoagoa den “amu-operazio” batean erori zela... erortzeko ibileran zebilen kazetari behartsua zelako, seguruenera. Egunen batean, agian, argituko dira ibilera horiek.

Baina CIAk –edo TIAk– gutxieneko espioi-prestakuntza emana izan balitz, usainduko zukeen Jekaterinburgen hitzordua jarri ziotenean, segada galanta jartzen ari zitzaizkiola. Ez baita Jekaterinburg –are gutxiago Nizhny Tagil– nonahiko benta.

Eta jakingo zukeen non eraitsi zuten 1960ko maiatzaren lehenean Gary Powers-en U2-a. Edo noren izena daraman Uralvagonzavod lantegi horrek.