argia.eus
INPRIMATU
Beñat Lizeaga, gazte auziperatua: “Desobedientziari ez diogu aterik ixten"
  • Segiko kide izatea leporatuta, 28 gazteen aurkako epaiketa irailaren 22an hasiko da Espainiako Audientzia Nazionalean. Beñat Lizeaga auziperatua eta Txerra Bolinaga ELEAK mugimenduko bozeramailea elkarrizketatu ditu Info7 irratiak. “Desobedientzia ezinbesteko tresna” dela eta “herri harresia eraikitzen jarraitzeko lanean” dabiltzala adierazi dute.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 12a
Bilboko Santutxu auzoan 28 gazte auziperatuen alde ateratako argazki erraldoia. (Arg.:uriola.info)

Euren aurkako epaiketa “estatu frantsesak eta espainiarrak aurrera eramandako jazarpenaren segidan” kokatu du Lizeagak. Iragan ekainean akusazio bera zeukaten 40 gazte absolbitu izanak esperantza ematen diela aitortu eta “albiste positiboa baino justua” izan zela azpimarratu du.

“Gaur egun inongo zentzurik ez duten epaiketa politikoak dira”, Bolinagaren esanetan. Herri harresi eta desobedientziaren tresna ez dagoela “inondik ere agortuta” adierazi du. Herri harresiaz hitz egitean, atxilotze arriskua zegoen eremuaz harago, gizartearen babesa landu eta konpromisoa erakusteaz mintzo direla zehaztu du.

Madrilera ez doazela oporretan eta desobedientziari aterik itxiko ez diotela esan du Lizeagak. “Duintasun osoko ekintzak” direla eta lehenago edo beranduago egoera aldatzeko balio dezaten espero duela azaldu du.

Asteburu laranja eta ekitaldi nazionala Gernikan

Euskal Herriko hainbat tokitan elkartasuneko “Asteburu Laranja” ospatuko da, eta horren baitan, epaiketaren aurkako ekimen nazionala izango da igandean 12:00etan Gernikako Astran.

Ekitaldian elkartasunaren ideia eszenifikatu nahi dutela azaldu du Bolinagak. Mugimendua jendearen parte-hartze eta konpromisoan oinarritzen dela eta desobedientzia presente egongo dela adierazi du. Bertan egingo dute publiko “Herritarren adierazpena”.

“Herri honetan frente asko zabalik” dauden arren, epaiketen aferak gatazka politikoa agerian uzten duela adierazi du bozeramaileak. Halaber, antzeko prozesu judizialen zain jende ugari dagoela gogorarazi du.

Izpurako itxialdiko gazteak

Hil amaieran epaituko dituzten gazteak, 2011n Izpurako itxialdian parte hartu zuten euroaginduaren aurka.