Xabier Gaztelumendik jantzi dio entzuleen txalo artean, Agin Labururekin buruz-burukoa jokatuta. 6.000 lagun elkartu dira abenduaren 14 arratsaldean Donostia Arenan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean.
Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran aritu dira zozketak agindutako hurrenkeran, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean.
Hainbat ariketa egin dituzte bertsolariek lehenengo atalean, eta zati hori bukatuta Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira bigarren atalera, buruz-burukoa jokatzera. Azkenean, Gaztelumendik jantzi du txapela. Irabazitako bigarren Gipuzkoako Txapelketa du hau, aurreko txapela ere berak etxeratu baitzuen, 2015ean.
Puntuazio taula: Alaia Martin buruz-burukotik puntu bakarrera geratu da
Horrela geratu da sailkapena:
Bertsozale.eus webgunearen atal honetan ikus daiteke epaileek bertsolari bakoitzari finaleko ariketa bakoitzean eman dioten puntuaketa.
Txapeldunaren agurra
Txapeldunari Xabier Gaztelumendik jantzi dio txapela. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan Bertsozale Elkartean egindako borondatezko lan isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Xabierri keinu honekin.
Eitb.eus webgunearen albiste honetan ikus daiteke txapeldunaren agurra. Hemen osorik transkribatuta:
Bertso eskola bukatzean
nor egoten zen gure zain?
Gaixo geundenean nor zen
min denak goxatzeko gai?
Guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai?
Ta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai?
Nahiz ta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi
ama, hau zuri eskaini
gabe ez nengoke lasai
Xabierren semea naiz
ta Pilirena ere bai.
Bestalde, Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarrak omendu ditu aurten txapelketak, eta Mikaela Kortajarenak, Mikaela Elizegi bertsolari asteasuarraren bilobak, eman ditu banatu diren sarietako bi. Bertsozale Elkartetik zuzendaritzako kide diren Saroi Jauregik eta Xabi Igoak eman dituzte sariak, eta Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuen Karidadeko Benta taldeko Unai Mendizabalek eta Igotz Alkortak ere bai.
Gai emaile eta aurkezle lanetan Ion Zaldua Brit eta Itziar Etxezarreta Arakistain aritu dira. Epaimahaia, aldiz, hurrengoek osatu dute: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro aritu dira.
Hemen albistea, bertsoa.eus webgunean.
Hemen finaleko argazki gehiago, bertsozale.eus webgunean.