Ertzaintzak “eraldaketa sakona” aurrera eraman ondoren, “hobera” egin duela dio Segurtasun sailburuak. Cabacasen familiak “gezurretan” aritzea leporatu dio.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak Cabacas auziaren inguruko azalpenak eman ditu Legebiltzarrean asteazkenean, EH Bilduk hala eskatuta. Ertzaintzak “hanka-sartzeez ikasi” duela adierazi du, “antzekorik errepika ez dadin”. Ertzaintzak barne-prozesu sakona burutu eta hobera egin duela esan du.
“Gizartearen beharrak etengabe aldatuz doaz, eta Ertzaintza hobekuntzak egitera behartuta dago; hau da, jarduteko era moldatzera” adierazi du Segurtasun sailburuak. Horrez gain, Cabacas hil zutenetik ez dela gomazko pilotarik jaurti esan du. Ertzaintzak egindako autokritika goraipatu eta daukan “hobetzeko nahia” nabarmendu du.
Epaiaren berri izan eta egun gutxira, Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruzagiak dimisioa aurkeztu zuen. Iñigo Cabacasen hilketa eman zenean Bilboko polizia etxearen arduraduna zen, eta auzian deklaratu behar izan zuen. Segurtasun sailburuak txalokatu du Aldekoaren jarrera, “ongi jokatu ez izana onartzea”, eta hargatik dimisioa aurkeztea. Dena dela, Beltran de Herediak ez duela kargua utziko adierazi du Radio Euskadin aste honen hasieran eginiko elkarrizketan, arrazoituz Cabacasen hilketaren ondoren hartu zuela kargua.
Gezurrak eta gezur erdiak
EH Bilduk Cabacasen hilketaren ikerketan “oztopoak” jartzea leporatu dio Beltran de Herediari, Sailak igorritako informazioa “guztiz faltsua” baita. Segurtasun sailburuak informazioa “desitxuratu” nahi izatea eta “erdizkako egiak” erabiltzea egotzi dio koalizio abertzaleari. “Elkarbizitza, elkarrizketa eta normalizazio egoera” baterantz bidea egiteko eskatu dio EH Bilduri.
Cabacasen gurasoek Jone Gorizelaia abokatuarekin jarraitu zuten Legebiltzarreko saioa alboko gela batetik. Manu Cabacasek “gezurretan” aritzea leporatu zion Beltran de Herediari, epaileari frogak ukatu eta justiziari lagundu ez izanagatik.