Beloa zeraman emakume bati “historiaurrean bezala” jantzita zihoala esan eta Hendaiako jatetxe batean sartzea eragotzi zion jabeak. Semeak bideoan grabatu zuen gertatutakoa eta diskriminazioagatik epaituko dute orain jabea.
Kazeta.eus-en kontatu dutenez, maiatzaren 29an Chez Patxi jatetxeko jabeak bertan sartzea eragotzi zion beloa zeraman emakume bati. Bere semeak bideoan grabatu eta sare sozialetan zabaldu zuen eta froga horri esker auzitegietara iritsiko da gertaturikoa, zaila izaten baita halako diskriminazio delituak frogatzea.
Irailaren 20an egingo da epaiketa, “erlijioan oinarritutako diskriminazioagatik”, eta jabeak isun batetik bost urteko kartzela zigorreraino jaso dezake.