argia.eus
INPRIMATU
Belaunaldiz belaunaldi umeei kantaturikoen bilduma osatu dute sarean
  • Herriz herri eta etxez etxe adinekoen bizipenak jaso eta garai batean etxeko txikienen belarriak gozatzen zituzten kantu, kontu, jolas eta ipuinen bilduma osatu dute interneten. "Talo, talo txin", "Katu mixi marrau", "Senda, senda mina" eta beste hamaika kontu jasotzen ditu Xaldun Kortin, Jolastu gurekin! egitasmoak, 0-6 urte arteko haurrekin aritzeko pentsatuak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urtarrilaren 05a

“Mendez mende eta ahoz aho etxeetako sukaldeetan transmititu den ondare hori guztion esku jartzea du helburu ekimen honek”, dio Nafarroako Hezkuntza Departamentuak martxan jarri duen webguneak. Testu, audio eta bideo bidez, kantu ugari aurki daitezke bertan, eskuekin eta hatzekin jolasteko, mina arintzeko, lokartzeko, taldean jolasteko…

“Xingulu-mangu, gure haurra nongo?”

“Txoriak pio, pio, pio! Errotak kan, kan, kan!” diote Leitzan, eta esan bitartean hatzekin nola egin behar den ere azaltzen dute bideoan; beste hau jaso dute Igantzin: “Talo, talo txin! Hator etxera Martin, ogi puska handi batekin. Taloa zegok adarrean, bere aulki nabarrean. Pirri, porru ta purru, pirrip eta purrun, hire bizkarrean!”; Goizuetan berriz, “Katu mixi marrau! Laratzean goiti, bere bost umeak ondotik, seigarrena sabelean, ogi pixka bat magalean. Marrau, marrau, marrau!”; Etxarri Aranatzen, “Euria, euria! Artzaiaren txapela, gorria! Elurra, elurra! Artzaiaren txapela, makurra!”; umeak lokartzeko Berroetan entzuna: “Momoloxtina momollo, otsoak jan du artzaina, otsokumeak bildotsa. Ai, nire bihotza!”; eta mina arintzeko beste hau Lekarozen: “Senda, senda mina, ostatuko astoaren putx-urrina, Lartxeko oilo beltxaren txirina, joan da Maddiren mina!”; trostan ibiltzeko, Otsagabian: “Tro, tro, tro, mandoko! Bihar Irunerako, etzi Zangozarako, handik zer etorriko? Panelu bat buruko, eraztun bat eriko!”; hankekin jolasteko, Auzan entzuna: “Xingulu-mangu, gure haurra nongo? Ona bada, etxerako, gaiztoa bada, kanporako. Turrut, turrut! Amarendako!”… Luzea da zerrenda.

Kantu sorta oparoaz gain, webgunean bildu dituzte antzezlan bat, haur hizkerari lotutako hiztegitxoa eta hainbat ipuin (Asto zaharra mukizu, Sanson eta Erroldan, Tartaro, Patxiku eta ilargia, Otsoa, hartza, basurdea eta artzaina…).

Egitasmoan parte hartu dute Euskokultur Fundazioak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Labrit Ondareak. Eta beraien hitzak berreskuratuz, “katea ez dadila eten, egungo eta etorkizuneko umeek ere deskubri eta goza ditzaten hitzaren poza eta magia”.