argia.eus
INPRIMATU
Zunbeltz
Belaunaldi berriak lehen sektorean trebatzeko gunea Urbasa-Andian
  • Nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorean belaunaldien arteko errelebo falta da azken urteetan azaleratu den arazo nagusietako bat. Nafarroan, egoera horri aurre egiteko asmoz, proiektu berezi bat abiatu du Andia Mankomunitateak: Zunbeltz nekazaritzako test gunea. Hain zuzen, etorkizun hurbilean hasi nahi duten pertsonei haien abeltzaintzako proiektuetan trebatzeko espazioa eta azpiegiturak eskainiko dizkie egitasmoak. Ekoizpen ekologikoko Kontseiluaren, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Gobernuaren babesa ere jaso du proiektu pilotuak.

Garazi Zabaleta 2021eko abenduaren 16a

Andia Mankomunitateko Edorta Lezaun presidenteak eta Elena Cereceda teknikariak eman dizkigute azalpenak: “Jendeak haien abeltzaintza proiektua frogatzeko esparru babestua da test gunea”, diote. Hiru esparrutan eskainiko die Zunbeltz espazioak babesa lehen sektorean trebatu nahi duten horiei: esparru fisikoan, legalean, eta formakuntzan.

Alde batetik, hasi nahi duten horiei proiektu batean sartu eta inbertsio handiak egin aurretik, lurra, azpiegitura eta tresneria eskuragarri utziko dizkie test guneak. Bestetik, Zunbeltz elkartearen bidez, erosketak eta salmentak modu legalean egin ahal izango dituzte partaideek. Azkenik, formakuntzaren atalari dagokionez, aktiboan dauden abeltzainen tutoretza modukoa izanen dute. Proiektuan parte hartzen duen bakoitzak jarduera berean profesionalki diharduen tutore bat izanen du.

Proiektua, abiatze fasean

Ipar Euskal Herriko Trebatu elkartea eredutzat izan dute Andia Mankomunitateko kideek. “Frantziako Estatuan horrelako 60 bat esparru dituzte martxan. Espainiakoan, zortzi inguru ari dira prestatzen, eta bakarra dago aktibo”, diote. Horiek guztiak RETA sarean daude bilduta, baita Zunbeltz bera ere. Nafarroako proiektu pilotu honetan, momentuz, abeltzaintzako proiektuek soilik dute lekua, baina aurrera begira, nekazaritzako egitasmoetara ere zabaltzeko asmoa azaldu dute bultzatzaileek.

Zein fasetan dagoen Zunbeltz? Bada, lehen pausoak ematen ari da, momentuz. Ukuilua eraikitzen ari dira, eta asteotan interesa duen jendearekin bilerak egiten ari dira. Datorren asteetan hasiko dira aukeraketa fasearekin. “Lauzpabost lagunek izanen dute Zunbeltzen trebatzeko aukera. Gainera, dinamizatzaile bat ere egonen da gunean, partaideak laguntzeko”. Aukeraketa prozesurako hainbat aldagai izanen dituzte kontuan: Andia Mankomunitateko bizilagunak izatea, formazio eta esperientzia edukitzea, generoa –emakumezkoek lehentasuna izanen dute–, adina –gazteek aukera gehiago–, eta proiektu kolektiboak izatea, besteak beste.  Hori bai, Zunbeltzen parte hartzeko, abeltzaintzako ekoizpen eredu estentsibo eta ekologikoko proiektuak beharko dute izan. Informazio gehiagorako, Andia Mankomunitateko edozei udaletako webgunera jo dezake interesa duenak.