argia.eus
INPRIMATU
Belartzan berriz ere materiala pilatzen ari direla salatu du Naturkon elkarteak
  • Lau hilabeteko geldialdiaren ondoren, poligonoa eraikitzeko asmoa dagoen tokian berriz ere harrobiko materiala pilatzen ari dira. Ekologistek Donostiako Udala “irregulartasun askoren konplize” bihurtu dela diote eta Arartekoarengana joko dute.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 06a

Gipuzkoako hainbat natur elkarte eta talde ekologista biltzen dituen Naturkonek jadanik abisua pasa dio Donostiako Udaltzaingoari: Belartzan hondeamakinak berriz hasi dira harrobi bateko materiala pilatzen, inguruan dagoen errekari eta landareriari kalte eginez, Udalak onartu zuen arren obrek ez zituztela baldintza legalak betetzen.

Uda aurretik birritan salatua izan zen Mercadona saltokia eta poligono bat eraikitzeko proiektuaren ilegaltasuna: ingurumenaren inpaktua neurtzeko azterketarik ez zuelako pasa, buletin ofizialean esleitu gabe zegoelako eta URA agentziak baimendu izateko eskatzen dituen baldintzak ez zituelako betetzen. Ondorioz 6.000 eurorekin zigortu zuen Udalak eta lanak geldiarazi zituen behin behinean.

Hainbat hilabete igaro ostean berriz ere martxan dira obrak eta materialaren garraioa. Naturkonek azaldu du Fiskaltzaren aurrean salatuko dutela afera eta Arartekoarengana ere joko dutela: “Sekulako ezintasuna sentitzen dugu. Udalak legea betetzen ari den bermatu eta ingurune naturalaren kontserbazioaren aldeko defendatzaile izan behar luke. Tamalez, irregulartasun horien laguntzaile bilakatu da”.