Belartza industrialdean, “Añ-13.2 Cantera” delakoan, obrak gelditzeko agindua eman zieten asteazken arratsaldean langileei, Donostiako Udalak eskatuta. Mercadona berria bertan eraikitzeko asmoa dago. Naturkon Gipuzkoako Ekologista taldeen elkarteak hilabeteak daramatza irregulartasunak salatzen.
Donostiako Udaleko hirigintza zinegotzia den Enrique Ramosek onartu du “Belartza 2” industrialdean martxan dauden obrak ilegalak direla. Orain arte jasotako salaketak gezurtatzea leporatu diote talde ekologistek.
Aste bete da Naturkonek obrek Lurzoruaren Legea “urratzen zutela” esan zuenetik. Ramosek orain bere hitzak zuzendu ditu eta gaur arte egindako obrak “prestatze lanak” ez direla onartu du, ez baitzeuden esleituta.
Gauzak horrela, ez da lanik egingo momentuz behintzat, obrak esleitu arte –maiatzaren 26an atera ziren lehiaketara–. Lehenengo salaketatik bi hilabete igaro dira eta aste batzuk atzera ere irregulartasunak salatu zituzten hainbat eragile ekologistak.