argia.eus
INPRIMATU
Belarrian loreak jartzea, gizon batzuen maskulinitatearentzat gehiegitxo
  • Esperimentua egin dute: kalean aurkitzen joan diren gizonei proposatu diete argazki batean agertzea belarria lorez apainduta. Ez da beste munduko ezer, eta hala ere irainduta sentitu da gizon bat baino gehiago, hain da ahula batzuen maskulinitatea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko abuztuaren 30a
Argazkilaria: MonĂ­k Molinet

Era askotako erreakzioak jaso dituzte: oso matxoak direla eta loreekin apaintzea emakume kontua dela erantzun diete batzuek, erantzun misogino eta homofoboak izan dituztela ere kontatu du argazkien egile Moník Molinet-ek, bai proposatutako hainbat gizonengandik, bai inguruan zebiltzan gizonengandik. Beste batzuek berriz, proposaturikoa onartu eta “maskulinitatearen eraikuntza aldatzeko prest daudela erakutsi dute, sinbolikoki bada ere”, dio Molinetek.

Argazkilariaren hitzetan, genero rolen eta maskulinitatearen eraikuntza sozialaren inguruan gogoeta eta eztabaida sustatu beharra dago, maskulinitateak onartzen duen feminitatearen muga –eta feminitateak onartzen duen maskulinitatearena– berridazten hasi behar dugu. “Maskulinitate toxiko eta zapaltzailea kolokan jartzea ezinbestekoa da, harreman ekitatibo eta osasuntsuagoetara gerturatzeko”.

Kuban egin dute esperimentua, maskulinitatearen pertzepzioak eta mugak aztertzea helburu. Euskal Herrian zer gertatuko litzatekeen irudikatzea ongi legoke, gure pertzepzioak eta mugak –kontziente eta inkontzienteak– non dauden jabetzeko.