argia.eus
INPRIMATU
Belarri zulatuak

IƱaki Etaio Alonso 2021eko otsailaren 22a

Otsailaren 11n ospatu zen emakume zientzialarien egunaren harira erreportaje bat irakurri nuen, generoaren arabera ikertzaileen artean dagoen arrakalari buruzkoa. Egun horietan Iruñerriako gazte transexual batek jasotako jipoiaren berriak hedabideetan presente zeuden ere. Asaldura, haserrea eta… harridura?

Berdintasunaren aldeko pausuak nabarmenak izan dira arlo batzuetan, erabaki politiko zein zenbait jarrera sozialetan, nahiz eta egiteko asko egon oraindik. Hala ere, aspaldidanik izan dut sentsazio bat genero-rolei dagokienez, gaur egun ia berdin-berdin mantentzen dena. Izan ere, aspaldidanik entzuten dugu umeen heziketan emakumeei eta gizonei lotutako rolak apurtu behar direla, beste batzuen artean, aipatutako ikertzaileei buruzko erreportajean deskribatzen zena aldatzeko: emakume ikertzaileak biozientzietan nagusi eta gizonezkoak industria, teknologia eta informatikari lotutako arloetan. Txikitatik barneratzen dira rolak. Haurtzarotik sortzen dira joerak, jendarteak eta familiak markatzen dituzten espektatibei so. Instituzioetatik politika berriak ezartzen dira (batzuetan jendartearen gehiengoaren aurretik doazenak, beste gai batzuetan jendartearen atzetik arrastaka badoaz ere), horietako asko pertsona helduengan eragina izan nahian. Hala ere, garapen psikosozial batera helduta, mentalitatea eta joerak, berdin da zein genero, oso zailak dira aldatzeko. Hain barneratuta daude. Batzuetan aldatze-itxura baino ez dira, jendartean publikoki moldatzeko eta momentu bakoitzaren araberako inguruneari erantzuteko, zuzentasun politikoaren barruan mantendu nahian…

Arazoa egiturazkoa da, eta egitura horretan kokatu behar dugu familia ere. Bai, gai hau ukitzea zaila izan arren. Sistema heteropatriarkalak familia tradizionalean dauka bere zutabe garrantzitsuenetako bat. Eta familiari onartzen zaizkio umearen inguruko eskumen batzuk, beren pertsonalitatea, baloreak eta rola, neurri handi batean, definituko dituztenak. Genero bakoitzerako jostailuek nabarmen ezberdinduta

"Emakume ikertzaileak biozientzietan nagusi eta gizonezkoak industria, teknologia eta informatikari lotutako arloetan. Txikitatik barneratzen dira rolak"

jarraitzen dute. Urdina-arrosa kolore dikotomia gainditzetik oso urrun gaude ere. Kirol dendetatik buelta bat ematea eta sexu bakoitzerako zapatila eta arropen kolorea begiratzea baino ez dago; edota emakumearen lasterketan, “Gaur neskek irabazten dute” lelopean emakume guztiak arrosaz ikustea. Baina koloreetatik haratago, badago zerbait bereziki bitxia eta arrotza egiten zaidana. Ez dut inoiz ulertu, eta garai hauetan are gutxiago (non umeen genero-rolak ez baldintzatzeko mezuak gero eta zabalduago dauden), nola den posible jendarte batek onartzea jaioberri batzuei belarrietan zulo bat egitea, ardiak edo behiak markatzea izango balitz bezala. Benetan, beharrezkoa da adin txikiko pertsona bati hori egitea? Aluarekin jaiotzeagatik predestinatuta dago belarritakoak eramatera? Generoen artean dauden arrakalak eta arautik ateratzen den aukera sexualen kontrako jazarpenaren alboan txikikeria bat eman badezake ere, halakoetan ere ezartzen dira bizitza baten geroko rolak. Hala ere, bereziki harritzen nauena da honen inguruko aipamen edo eztabaidarik jendartean ez egotea (kolektibo feministetan egon daitezkeenaz gain). Normaltzat hartzen da neska jaio berri bati belarriak zulatzea eta belarritako bat jartzea, neska dela oso ondo ikus dadila. Irudika dezakegu “ze neskatxo polita!” “ez, ez, mutila da” elkarrizketa deserosoa, aste gutxiko mutil batek bere belarrietan belarritakoa jarrita?

Gai honetan, eta aurreko ideiara bueltatuz, ez dugu Elizarekin topo egin (beno, neurri batean ere, beti bezala…) baizik eta familia-instituzioarekin, gurasoek baitauzkate beren umeenganako praktika batzuk onartuta, kolokan jarri ezin direnak, alarma gorri-gorri jarriko zelako (gorria bai, komunismoaren mamua bezalakoa). Praktika zehatz batzuk, gure jendartean arrotzak direnak, ez daude onartuta, ablazioa edo Jehovaren lekukoek beren umeei odol-transfusioak ukatzea kasu. Hala ere, osasun fisikorako era zuzenean kaltegarriak ez diren beste praktika asko bai daudela onartuta, fisikoa agian ez, baina psikikoki nabarmen baldintza dezaketenak. Belarritakoak bezala, umeak erlijio katolikoaren erritualen arabera bataiatzea eta jaunartzerako prestatzea naturaltasun osoz onartzen dira. Helduen erabakitzeko gaitasunez baliatuta, pertsona horri inposatzen zaio bere garapen psikosozialerako ezinbestekoa ez den, baina, bere garapen psikosoziala baldintzatuko duen zerbait. Ez zaio aukera uzten, urte batzuk geroago, nahi duen sinesmen edo pentsamendua bere kabuz aukeratzeko. Gurasoek aukeratzen dute haurrari belarritakoa jartzea eta bere genero-rola markatzea, Elizara edo beste erlijio bateko otoi-lekuetara bidaltzea, edota zein hezkuntza-eredu eta zentrotan matrikulatzea (zein hezkuntza jaso eta norekin erlazionatu). Dena aukeratze-askatasuna aldarrikatuta. Eta normala omen da jendarte honetan. Onarpen zabal eta inplizitua dago, eta instituzioetatik ez dira ausartuko hori kolokan jartzen. Kontrako matxinada izango lukete, aurrerakoiak omen diren guraso askorengandik ere.

Hausnarketa sakona ezinbestekoa da, berdintasunaren eta genero-sistema bitarrari lotutako rol heteropatriarkalen deseraikitzean aurrera egin nahi bada, hainbeste baldintzatzen duten esparru pribatu horietan ere eragin ahal izateko. Bestela, faltsukerian mugi gaitezke hamarkadetan zehar; gainera nola hain gutxi aurreratu dugun harrituta… Pentsa dezagun ea neska jaioberriari belarriak zulatzeak ez omen duen nolabaiteko loturarik handik bi hamarkadetara emakume hori ingeniaria izateko probabilitatea gutxitzearekin ere.

Bai, jendarte azkarra, berdintasunezkoa, enpatikoa eta solidarioa lortzeko benetako bidea hartzekotan (eta, Historiak erakutsi duenez, kontrako bidean abiatzeko ateak ez daude itxita…), gaur normaltzat hartuta eta legeztatuta dauden alderdi batzuk oso ezberdin izango lirateke etorkizunean. Erakundeen eta enpresen itxurakeriazko sostengarritasun diskurtsoetatik plastikoen neurririk gabeko erabilera galaraztera pasatuko ginateke, zezenketak iraganeko oroipen txarra izango lirateke, umeak erlijiosoki doktrinatzea legez kanpokoa izango litzateke eta jaioberrien belarrietan zuloak egitea debekatuta egongo litzateke…

Bitartean, kontziente izan gaitezen elikatzen jarraitzen dugun jendartearen zutabeez, eta ez ditzagun eskubideen urraketak mantendu eta garapen askatzailea oztopatu familia-instituzioaren ustezko askatasunen lubakitik.