argia.eus
INPRIMATU
Belaguako kuarteleko lurzorua garbi itzuli beharko dio Defentsak Erronkari Ibarrari
  • Iragan urtarrilaren 20an Espainiako Auzitegi Gorenak berriz erabaki zuenez, Espainiako Defentsa Ministerioak Belaguako mendateko kuartela hartzen duen lurzorua garbi eta egoera onean itzuli beharko dio Erronkari Ibarreko Batzorde Nagusiari.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 10
Argazkia: Diario de Noticias

Erronkariko Ibarrak 1980an utzi zizkion lurrak Espainiako Armadari, 2005a arte. Data heldu zenean, armadak kuarteletik alde egin zuen eta lurrak itzuli nahi izan zizkion bailarari. Batzorde Nagusiak, ordea, ez zuen onartu, hark lurrak erabat garbi utzi zizkiolako armadari, eta honek kuartelaren eraikina egoera txarrean eta bertako jarduera dela eta, ingurunea kutsatuta itzuli nahi zizkiolako.

Ondoren, lurren itzulerari buruzko desadostasunak medio, epaitegietan aritu dira bi aldeak. Dagoeneko 2013ko epai batek behartu zuen Defentsa Ministerioa lurrak 1980an jaso zituen bezala itzultzera, baina armadak ez du orain arte epaia bete. Iragan urtarrilekoa da azken epaia, eta agindu bera ematen dio Defentsa Ministerioari. Honek, beraz, eraikin militarra eraitsi beharko du, kutsatutako eremuak garbitu eta lurra garbi itzul diezaion Erronkari Ibarreko Batzorde Nagusiari.

Aurrekariak eta orain arte Espainiako Armadaren jarrera txarra ikusita, Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak aste honetan galdetu dio Margarita Robles Defentsa ministroari, ea “zein kronograma jarraituko duen ministerioak babeslekua egoera egokian itzultzeko”, eta ea zer lan egingo dituen lurzoruak "kutsadurarik gabe eta gasolio-biltegietako eta hobi septikoetako hondakinik gabe”.